Hurrengo astean zabalduko dituzte ludotekak, Gaztelekua eta Gazte Informazio Bulegoa

Uztarria.eus 2016ko ira. 12a, 13:50

Txiki Txoko eta Iturritxiki ludotekak nahiz Gazte Informazio Bulegoa (GIB) hilaren 19an zabalduko dituzte. Gaztelekua, aldiz, irailaren 20an irekiko dute. Ludoteketara eta Gaztelekura joateko izen-ematea datozen egunetan zabalduko dute.

Uda bukatu da, eta ikasturte berria hasi da dagoeneko. Horrekin batera Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekak, Gaztelekua eta Gazte Informazio Bulegoa ere martxan hasteko prest daude, eta hurrengo astean zabalduko dituzte ateak. 

Herriko bi ludotekak eta Gazte Informazio bulegoa astelehenean, hilaren 19an, zabalduko dituzte. Txiki Txoko eta Iturritxiki ludotekak 17:00etan irekiko dituzte ateak eta bertara joateko aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da. Horretarako epea irailaren 14tik 16era izango da, 14:00etatik 19:00etara bitartean. Ikasturteko kuota 12 eurokoa izango da, eta haurrek joango diren ludotekan eman beharko dute izena.

Egunak adinaren arabera banatuko dituzte:

- HH5, LH1 eta LH2ko haurrentzat astelehenetik asteazkenera egongo da irekita. Horietatik, gehienez, bi egunetan gerturatzeko aukera izango dute.
- LH3, LH4, LH5 eta LH6ko haurrentzat ostegunetan eta ostiraletan egongo da irekita.

Gazte Informazio Bulegoaren kasuan, ordutegi berria izango du datorren ikasturtean. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00era, eta astearte eta ostegunetan 17:00etatik 20:00etara. Zalantzak argitzeko edo informazioa eskatzeko gib@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-15 71 60 telefono zenbakira deitu daiteke. 

Gaztelekuari dagokionez, irailaren 20an, asteartean, zabalduko dute, 17:00etan. Hala ere, irailaren 20tik 22ra ordutegi berezia izango du: 17:00etatik 18:30era DBH1eko ikasleentzat irekiko da eta 18:30etik aurrera gainontzeko gazteentzat.

Aurrerantzean Gaztelekuako erabiltzaile berriek izena eman beharko dute. Horretarako, irailaren 14an, 15ean eta 16an izango dute aukera, 14:00etatik 19:00etara bitartean, gaztelekuan. Horretarako beharrezkoa da seme-alabak gurasoekin joatea, gurasoen sinadura ezinbestekoa baita Gaztelekuko erabiltzaile izateko. Horrez gain, argazki bat ere eman behar da izena emateko.