Astelehenean zabalduko dute udazkeneko Jabetze Eskoletan izena emateko epea

Uztarria.eus 2016ko ira. 8a, 16:50

Irailaren 12tik 24ra bitartean izango da zabalik izen-ematea. Erotismo eta autoezagutza tailerra, autodefentsa feminista tailerra, munduko dantzen ikastaroa edota emakume haurdunentzat tailerra izango dira, besteak beste.

Emakumeentzako Jabetze Eskolak martxan jarri dituzte berriro Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailak. Irailaren 12tik 24ra bitartean zabalik izango da horietan izena emateko epea. Honakoak izango dira eskainiko dituzten ikastaroak:

Emakume haurdunentzat tailerra

Haurdunaldi eta erditzerako ariketa lagungarriak, yoga eta pilateseko luzapenak, arnasketa eta erlaxapen teknikak, eta norbere gorputzarekin eta umearekin konektatzeko ariketak egingo dituzte parte-hartzaileek. 

Urriaren 3an hasiko dira saioak, eta urte osoan zehar egingo dituzte astelehenetan eta ostiraletan. Astelehenetan 18:00etatik 19:30era, eta ostiraletan 11:00etatik 12:00etara. 

Emakumea pilotari

'Emakumea pilotari' ekimenaren baitan, emakumeak pilota mundura erakartzea da helburua. Palaz jokatu edo jokatzen ikasi nahi duten emakumeei zuzenduta dago. 

Urriaren 4tik aurrera asteartero egingo dituzte saioak, 19:30etatik 20:30era.

Munduko dantzak: Ekialdeko dantzen ikastaroa

Sabel dantzatik abiatuta, Indiako hainbat dantza klasiko,  Bollywood dantza, zingaroen martxa, turkiar folklorea edota antzinako persiar nahiz egipziar dantzak irakatsiko dituzte.  

Urriaren 6tik abenduaren 15era izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara. 

Autodefentsa feminista tailerra

Emakumeen jabetzea sustatzeko "emakumeen askatasuna urratzen duten indarkeria mota guztiei aurre egiteko" baliabideak irakatsiko dituzte.

Tailerrak azaroaren 4tik azaroaren 25era, ostiraletan, egingo dituzte 17:30etik 20:30era. Euskaraz izango dira saioak.

Erotismo eta autoezagutza tailerra

Ariketa praktikoen bidez sentsazioen kontzientzia handitu eta bost zentzumenek eskaintzen dituzten aukerak baliatuko dituzte, norberaren erotismoa esnatzeko.

Urriaren 29an, azaroaren 26an eta abenduaren 17an egingo dituzte saioak, 10:00etatik 14:00etara. Euskaraz izango dira saioak.

Mendi orientazio ikastaroa

Ikastaroan zehar mendian orientatzeko tresnak erabiltzen ikasiko dute parte-hartzaileek: mapak irakurtzen edota iparrorratzak erabiltzen, esaterako.

Urriaren 1ean, 8an eta 22an, eta azaroaren 5ean eta 12an izango dira saioak, 09:30etik 13:30era. 

Informazio osagarria edo argibideak behar izanez gero, goizetan udaletxeko Parekidetasun sailera jo daiteke. Arratsaldeetan, aldiz, Emakumeen Txokoan argituko dituzte interesa dutenen zalantzak.