Bueltan da zine denboraldia Soreasu antzokira, eta datorren asteburuan eskainiko dute denboraldiko aurreneko filma. Zapatuan, irailak 10, Ben-Hur filma emango dute, 22:00etan hasita. Igandean, hilak 11, gaztetxoentzat Tximinoen erresuma pelikula izango da ikusgai, 16:30ean hasita. 19:30ean Ben-Hur eskainiko dute berriro. Astelehenean, ikusleen egunean, Ben-Hur filma izango da ikusgai, 21:30etan hasita.
Sarrerak aurrez erosteko aukera dago, Kulturaz.eus webgunean.
Ben-Hur 2016an ekoiztutako filma da, eta Lewis Wallace-k (1880) idatzitako liburuaren adaptazio gaurkotua da. Judah Ben-Hur (Jack Huston) Jerusaleneko nobleziako gazte bat da, erromatarren bizimodu ikuspegiarekin bat egiten ez duena. Politikoki ezberdin pentsatzeagatik eta estatuaren aurka egon daitezkeen herritarrak salatzeari uko egiteagatik, traizioa egin izana leporatzen diote. Noble titulua kenduta, esklabu bihurtzen da. Itsasoan urte batzuk igaro ondoren bere herrialdera itzultzean, mendekua eta dagokion errespetua lortzen saiatzen da.
Tximinoen erresuma animaziozko filma da, eta Edouarden, tximino-erregearen seme nagusiaren, istorioa kontatzen du. Jaiotzean ahulegia dela pentsatu eta leinutik erbesteratuko dute. Ezarritako ordena iraulita eta umorea lagun, bere herria giza eboluziorantz eramango du.