Baratzeak negurako prestatzen ikasteko tailerra izango da hilaren 13an

Uztarria.eus 2016ko ira. 8a, 12:37

Garaian garaiko barazkiak zeintzun diren ikasiko dute bertan. Edonork har dezake parte ikastaroan, baita baratze parkeetako erabiltzaileak ez diren herritarrek ere, eta doakoa izango da. 

Baratzeak negurako prestatzeko tailerra antolatu du Ekoguneak irailaren 13rako, hurrengo astearterako. Antolatzaileek azaldu dutenez, "data hauetan baratzean sar daitezkeen barazkiak zeintzuk diren ikasiko dute ikastarora gerturatzen direnek, neguan ere gure barazkiekin entsaladak prestatzen jarraitzeko". 

Azpeitiko baratze parkeetan izango da ikastaroa. Otzaka aldeko baratzeetan 17:00etatik 18:15era emango dute ikastaroa. Izarraitzpeko ortuetan, aldiz, 18:15etik 19:30era bitartean.

Edonork har dezake parte ikastaroan, baita baratze parkeko erabiltzaileak ez diren herritarrek ere, eta doakoa izango da. Tailerraz gain, Furgobaratza zerbitzua ere egongo da, eta bertan baratzen inguruko aholkularitza zerbitzua eta plantel eta hazi ekologikoak izango dira, besteak beste.