Kirol Patronatuak kirol jardueren eskaintza zabaldu du datorren ikasturterako

Uztarria.eus 2016ko ira. 8a, 11:45
igerilekuko instalazioak (Azpeitiko Udala).

Capoeira ikastaroak, helduentzako pilates saioak, multikirol eskaintza eta emakumeentzako korrika saio gidatuak izango dira berrikuntzak. Jarduera guztiak igerilekuko instalazioetan egingo dituzte, eta horietan izena emateko azken eguna irailaren 15a izango da.

Azpeitiko Kirol Patronatuak urriaren 3an hasiko du denboraldia, eta jardueren eskaintza zabaldu du datorren ikasturterako. "Ikasturte berriaren hasieran, kirol eskaintza erakargarria eskaintzera gatoz. Herritarrak kirola egitera bultzatu nahi ditugu, kirolak sustatzen dituen baloreetan sinesten dugulako", adierazi du Estitxu Elduaien Kirol Batzordeburuak. Hala, aurrerantzean Multikirola, helduentzako pilates saioak, Capoeira eta Emakumeentzako korrika saio gidatuak izango dira kirol Patronatuko eskaintzen artean.

Multikirolean parte-hartzaileek astean hiru kirol egingo dituzte: Astelehenetan GAP, asteazkenetan Total Training eta ostiraletan Cycling. Capoeirari dagokionez, ikastaroak helduei nahiz gazteei zuzenduta izango dira. Emakumeen korrika saioen kasuan, urte osoan zehar egingo dituzte eta horiek kudeatzeko eta informazio gehiago izateko interesa dutenekin bilera egingo dute astelehenean, irailaren 12an, 19:00etan. Helduentzako pilates saioak, aldiz, goizetan izango dira.

Izen ematea zabalik 

Kirol Patronatuko jardueretako izen-ematea zabalik da, eta interesa dutenek izena emateko eskaera orria beteta eman beharko dute igerilekura irailaren 15a baino lehen. Zalantzak argitzeko nahiz informazioa eskatzeko 943-81 41 21 telefono zenbakira deitzeko aukera ere izango da.

Ikastaroetako plaza kopurua mugatua da, eta Kirol Paronatuko bazkideek lehentasuna izango dutela gogoratu dute.

Honakoak dira datorren denboraldian eskainiko dituzten jarduerak: 

  • Igeriketa (helduentzat eta umeentzat)
  • Multikirola
  • Capoeira (Helduentzat eta gazteentzat)
  • Emakumeentzako korrika saio gidatuak
  • Mantenimendu gimnasia
  • Adinekoentzat soinketa
  • Pilates
  • Cycling
  • Gimnasia Abdominal Hipopresiboa (G.A.H
  • Areto dantzak
  • Adimen urriko pertsonentzako ariketa fisikoa
  • GAP
  • Zumba (helduentzat eta gazteentzat)
  • Total training
  • Jump (helduentzat eta gazteentzat)