Xabier Madina abeslari ohia hil da

Uztarria.eus 2016ko ira. 7a, 12:17
Xabier Madina 2008ko argazki batean.

Gaur, irailak 7, goizean hil da. Bakarlari moduan nahiz musika taldeetan aritutakoa zen Madina.

Xabier Madina (Bilbo, 1945) abeslari ohia hil da gaur, irailak 7, goizean. Bere bizitzako lehen bost urteetan Bilbon bizi izan bazen ere, ondoren Azpeitira etorri zen familiarekin. Musika izan zuen afizio eta inoiz ofizio nagusi urte askoan. Horrela egin zen ezagun, urte luzez abestaria izan baitzen Madina. 

Sei urte zituela solfeoa ikasten hasi zen, baina gerora alde batera utzi zuen, eta "musikarako oso belarri ona" izateaz baliatu behar izan zuen. Ez zen kantautorea izan, besteek egindako abestiak kantatzen baitzituen. 1967an, Bergarako jaialdi batean parte hartu, euskarazko abesti bat eta frantsesezko beste bat kantatu, eta festibala irabazi zuen.

Musika munduko bere lehen pauso garrantzitsua 1969an eman zuen. Urte hartan, Luis Iriondo produktore azkoitiarraren deia jaso zuen, hark Azpeitian oso ondo abesten zuen mutil bat bazela entzuna zuelako. Halaxe sartu zen musika munduan. 

Profesional gisa abesten hasi aurretik, Juan Mari Lasa eta Luis Mari Galdosekin El Trio Belter deitutako hirukoa osatu zuen. Urteak aurrera, Egan taldeko Jose Luis eta Alberto Frantzesena anaiekin, Iñaki Arenasekin eta Xabier Saldiasekin ere aritu zen kantuan. 

1975 inguruan Akelarre taldean sartu zen Madina. Urtean 200 jaialdi egitera iritsi ziren, berbenaz berbena, Euskal Herrian. 1982an utzi zuen taldea. 

2008. urtean Xabier Madinaren ibilbidetik errepasoa egin zuen Uztarriak, aldizkariko 'Atzera begira' atalean. Hemen erreportajea irakurgai. 

Xabier Madinaren hileta elizkizuna bihar izango da, 19:00etan, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.