Posta bidezko botoa emateko zerbitzuak abian dituzte EH Bilduk eta EAJk

Uztarria.eus 2016ko ira. 6a, 18:33

Irailaren 25ean egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan boza emateko bide hori erabili nahi dutenek hilaren 15a arteko epea dute eskaera egiteko. 

Irailaren 25ean egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Hauteskunde horietan botoa posta bidez emateko epea irekita dago -erabili nahi dutenek hilaren 15a arteko epea dute eskaera egiteko-, eta Azpeitiko EH Bilduk eta EAJk ere abian dituzte aukera hori baliatu nahi duten azpeitiarrei beharrezko informazioa eman zein izapideak zuzentzen laguntzeko zerbitzuak.

EH Bildu Goikokale 16n ireki duen hauteskunde bulegoan ari da ematen posta bidezko botoarekin laguntzeko zerbitzua. Astelehenetik ostiralera, 18:30etik 20:30era egongo dira han. Telefono zenbaki bat ere jarri dute herritarren eskura, posta bidezko botoaz zein hauteskundeen bueltako beste edozertaz informazioa nahi dutenentzat; 688723232 da telefono zenbakia, eta Whatsapp bidezko mezuak ere bidali daitezke bertara.

EAJk ere telefono zenbakia jarri du posta bidezko botoa eman nahi dutenen eskura, argibideak emateko; 688691610 da zenbakia. Informazioa jaso edota izapideak bertatik bertara zuzendu nahi dituztenek, berriz, Batzokira ere jo dezakete, astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 19:30era.