Azpeitia-Donostia lineako autobusak 30 minutuko maiztasunarekin irtengo dira aurrerantzean

Uztarria.eus 2016ko ira. 6a, 15:43

Foru Aldundiak zerbitzua hobetzeko neurriak hartu izana "zentzuzkoena eta poztekoa" dela adierazi du Udalak. Azken aldaketen ostean, Donostiako autobus geltokia zabaldu aurreko zerbitzu berak eskainiko ditu Azpeitia-Donostia autobus lineak.

Azpeitia-Donostia lineako autobusak 30 minutuko maiztasunarekin irtengo dira aurrerantzean, eta horrela, Donostiako autobus geltoki berria ireki aurreko maiztasun berarekin irtengo dira autobusak Azpeititik eta Donostiatik.

Otsailean ireki zuten Donostiako autobus geltoki berria, eta haren irekierak hainbat aldaketa eragin zituen autobusen ordutegian eta ibilbidean. Hori ez ezik, Azpeitia eta Donostia arteko autobusak ez ziren geltokira iristen, eta herritarrek hainbat kexa azaldu zituzten. 

Herritarren kexa eta eskaeren aurrean, Azpeitiko Udalak linearen erabiltzaileekin bilera egin zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari autobusak geltokiraino iristeko eskaera egin zion, eskualdeko beste hainbat herrietako alkateekin batera. Hala, maiatzean autobusen ibilbidea aldatu eta geltokira sartzen hasi ziren, baina autobusen maiztasuna gutxitu zuten, autobusek ibilbidea egiteko denbora gehiago behar zutela argudiatuta.  

Orain, Foru Aldundiak zerbitzua hobetzeko neurriak hartu izana "zentzuzkoena eta poztekoa" dela adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak: "Herritarrei garraio publikoaren zerbitzu egokia eskaintzeko beharrezko eskaerak egin ditu Udalak, herritarrek eskatutakoak, eta denborak arrazoia eman digu". Horrez gain, "Udalak hasieratik esan zuen zerbitzuaren maiztasuna mantentzea eta ibilbideak geltokian bukatzea ez zirela uztartezinak”, esan du Bereziartuak.