Musika estudioan sartuta

Uztarria.eus 2016ko ira. 6a, 14:31

Uda aurretik, uda bitartean eta uda amaitzear den honetan, musika estudioan murgilduta izan dira Ezinean, Errime eta Ezten taldeak. Erraiak proiektua ere aurrera doa, eta sortzaileak hasita daude ahotsen eta instrumentuen grabaketekin. 

Ezinean taldea uda aurretik hasi zen euren proiektu berrirako doinuak grabatzen 2noisy Estudioan. Leku berean egin dituzte grabaketak eta nahasketak Errime eta Ezteneko kideek ere.

Errime taldeak grabaketak eta doinuen nahasketak amaitu ditu dagoeneko, eta maketa amaitzeko masterizazioa soilik falta zaie. Urrirako maketa esku artean izatea aurreikusten dute, eta ondoren maketa herriko hainbat txokotan saltzen jartzeko asmoa dute.

Erraiak diskoa Felpe Murilloren proiektua bada ere, ez da bera bakarrik ari lanean. Hainbat lagunen kolaborazioa ere bilduko du Murillok bere azken lanean. Itziar Beitia, Mikel Zaldua eta Petti musikariak izan ditu, besteak beste, bidelagun orain arte.

Eztean taldea, aldiz, hiru kantu ari da grabatzen ondoren sarean zabaltzeko. Kideetako bat, gitarra-jotzailea, ikasketengatik kanpoan izango da datorren ikasturtean zehar, eta gainerako kideek "geldirik egon nahi" ez dutenez ari dira abestiak grabatzen. 

Errime taldeak eta Erraiak proiektuak Udalak eta Kultur mahaiak abian jarritako sorkuntza beka jaso zuten, eta aukera hori baliatuz ari dira lanean. Sorkuntza beka jaso zuten proiektuen inguruko erreportajea egin zuen Uztarriak uztaileko aldizkarian.

(Argazkiak: 2Noisy estudioa eta Erraiak proiektua).