Inoiz baino bisitari gehiago izan ditu aurtengo udan Burdinbidearen Euskal Museoak

Uztarria.eus 2016ko ira. 5a, 20:52
Bidaiariak trenera igotzeko zain, Burdinbidearen Euskal Museoan. (Irekia.euskadi.eus)

4.469 lagun igaro dira Azpeitiko museotik iraila bitartean. Lurrunezko trenaren erabiltzaileen kopuruak ere %20ko igoera izan du aurten, orain arteko datuei erreparatuz. Irailean eta urrian ere asteburuero eskainiko dute Azpeitia eta Lasao arteko joan-etorria egiteko aukera.

2016ko udan bisitari eta erabiltzaile kopuruen markak hautsi ditu Burdinbidearen Euskal Museoak. Eusko Jaurlaritzaren Garraio sailak emandako datuen arabera, Euskotrenek kudeatzen duen Azpeitiko museoak 4.469 bisita jaso ditu, inoizko kopururik handiena. Lurrunezko trenaren zerbitzuen eskakizuna ere bere historiako mailarik gorenera iritsi da. Garraio sailburuorde Antonio Aizek adierazi duenez, "datu horiek urte osoan zehar eman den goranzko joera berresten dute. Urtean osoan zehar, orain arte, 2015ean baino %19,85 bidaiari gehiago izan du zerbitzuak; eta 2015, bere aldetik, eskakizun-mailarik handiena izan duen urtea izan zen, zerbitzua 1998n abiatu zenetik".

2015eko udarekin alderatuta, Burdinbidearen Euskal Museoko tren historikoen bidaiariak %24,62 hazi dira: 3.586 bidaiari 2015ean, 4.469 aurten. Hilabeteak aintzat hartuz, portzentualki gorakadarik handiena izan duena uztaila izan da: 1.743 bidaiari aurten, eta 1.157 iaz (%50,64 gora). Abuztuan, bestalde, igoera %12,22koa izan da, 2.429 bidaiari izan baitziren iaz eta aurten, berriz, 2.726. 2015ean bost asteburu izan zituen abuztuak, eta aurten lau izan ditu. Hala ere, Jaurlaritzako arduradunek zerbitzuak abuztuko astegunetan izandako "gorakada handia" azpimarratu dute; diesel trakziodun trenak erabiltzen dituzte astegunetan Azpeitia-Lasao joan-etorrirako. "Kasu honetan, eskakizunak %45,07 egin du gora: 852 bidaiari 2015ean, 1.236 aurten", zehaztu du Aizek. Lurrun trakzioko trenei dagokienez, eskakizuna %12,93 hazi da abuztuan.

Iraila eta urria

Lurrun trakzioko tren historikoen zerbitzuaren aurtengo denboraldia ez da oraindik bukatu Burdinbidearen Euskal Museoan. Horrela, irailean eta urrian ere asteburuero izango da lurrunezko trenetan bidaiatzeko aukera, zapatuetan 12:30ean eta 18:00etan, eta igande eta jaiegunetan 12:30ean.