Kontzentrazio batean Gasteizen atxilotutako ikasleei babesa emateko kontzertuak izango dira ostegunean Orkatzen

Uztarria.eus 2016ko ira. 5a, 14:53

Atxilotu zuten ikasleetako bat azpeitiarra da. Irailaren 14an epaituko dituzte sei gazteak, eta guztiei babesa emateko antolatu dituzte kontzertuak. Espetxe zigorraz gain, zigor ekonomikoa ere eskatzen diete. 

Irailaren 14an epaituko dituzte 2014ko martxoaren 19an Gasteizko campusean ikasle presoen eskubideen aldeko kontzentrazio batean atxilotu zituzten sei gazteak. Horietatik bat azpeitiarra da, eta guztiei babesa emateko kontzertuak antolatu dituzte Orkatzen. Ostegunean, irailak 8, Blu (Baatzako letxuga ustelak) eta Verrater taldeek eskainiko dituzte zuzenekoak, 22:00etan hasita.

Atxilotu zituzten sei gazteetatik bostentzat bi urteko espetxe zigorra eskatzen du epaileak. Seigarrenarentzat, aldiz, hiru urte eta erdiko espetxe zigorra. Horrez gain, baina, zigor ekonomikoa ere eskatzen diete, guztira 5.044 euroko isuna, hain zuzen.