Metal doinuak protagonista, Azpeitia Motor Jaialdian

Uztarria.eus 2016ko ira. 5a, 11:25

Motorzaleen eta metal musikaren jarraitzaileen eguna izan zen zapatuan, irailak 3, Azpeitian. Goizetik hasita hartu zuten motorrek eta metal doinuek Perez Arregi Plaza, AZTEk (Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak) antolatutako Azpeitia Motor Jaialdiaren baitan, eta gauera arte luzatu zen festa.

Dozenaka motorzalek eman zioten hasiera egunari motorren itzuliarekin. Herriko hainbat txokotatik pasatu ostean Perez Arregi plazan amaitu zuten buelta, eta bazkaltzeko tartea hartu zuten ondoren. Giro ederrean eta metal doinuen artean bete zituzten sabelak bazkarira hurbildu zirenek. Metal kontzertuak, aldiz, 18:30ean hasi ziren. Anonimo taldea izan zen oholtzara igotzen aurrena, eta ondoren Everlevel, Hyronika eta Mandragora Negra taldeek eskaini zuten kontzertua. Azken zuzenekoa Baron Rojo taldeak eskaini zuen, eta ia hiru orduz aritu zen bere doinuak plazara hurbildutakoei eskeintzen.