Motorren itzuliarekin eman diote hasiera Azpeitia Motor Jaialdiari

Uztarria.eus 2016ko ira. 3a, 13:17

Dozenaka motorzale hurbildu da gaur, irailak 3, goizean Perez Arregi plazara Azpeitia Motor Jaialdiari hasiera ematera. 10:00ak aldera hasi dira motorzaleak plazatxora hurbiltzen, eta han motorrak ikusgai izan ondoren, Azpeitiko hainbat txokotatik itzulia egin dute. Behin buelta bukatuta motorrak ikusgai izango dira berriro Perez Arregi plazan, eta ondoren metal poteoa egingo dute motorzaleek. Horrez gain, soinu frogak egiten arituko dira 13:30ak aldera arte arratsaldean zuzenekoa eskainiko duten taldeetako batzuk.

Azpeitia Motor Jaialdia hasi besterik ez da egin ordea, goizean hasi eta gauera arteko egitaraua prestatu baitu AZTEk gaurko. Poteoaren ostean, 15:00etan, bazkaria egingo dute motorzaleek Perez Arregi plazan, eta 16:00etatik aurrera hainbat musika taldek soinu frogak egingo dituzte, horien artean Baron Rojok. Metal festa 18:30ean lehertuko da, orduan hasiko baitira kontzertuak.

Hemen kontzertuen ordutegia: 

18:30-19:15 Anonimos

19:30-20:15 Everlevel

20:30-21:15 Hyronika

21:30-22:30 Mandragora Negra

23:00-01:30 Baron Rojo