Lehen sorospenen ikastaroa antolatu du DYAk irailerako

Uztarria.eus 2016ko ira. 2a, 15:05

Irailaren 12tik 30era bitartean eskainiko dituzte saioak. Guztira 30 orduko tailerra izango da. Eskolak aste egunetan izango dira, 19:00etatik 21:00etara. Izen-ematea 110 euro ordaindu beharko da. Bestalde, bihotz-biriken suspertze-tekniken ikastaroa izango da gaur.

Gipuzkoako DYAk lehen sorospen ikastaroa emango du Azpeitian, irailaren 12tik 30era bitartean. Ikastaroan teoria eta praktika uztartuko dituzte, ohiko lehen sorospen kasuetarako oinarrizko ezaguerak emanez: bihotz-biriken suspertzea, zauriak, hausturak eta erredurak, besteak beste.

Saioak aste egunetan emango dituzte, 19:00etatik 21:00etara, DYAk Azpeitian duen delegaritzaren lokalean, Urola Kalean. Interesa duen edonork har dezake parte, eta ez da beharrezkoa aldez aurreko ezaguerarik izatea. Plazak mugatuta daude, eta matrikula 110 eurokoa da.

Izen-ematearen edo ikastaroaren inguruko informazio zehatzagoa nahi dutenek, 943-46 46 22 telefonora deitu dezakete.

BBS teknika ikasteko saioa

Lehen sorospenen ikastaroaz gain, bihotz-biriken suspertze-tekniken ikastaroa antolatu du DYAk. Saio hori gaur, irailak 2, izango da, eta doakoa da. Saioa teorikoa eta praktikoa izango da, eta BBS teknika erakutsiko dute. 16:00etatik 18:00etara bitartean eskainiko dute tailerra, DYAren lokalean.