Abian dira Iraurgi Berritzenen enplegu eta orientazio zerbitzuak

Uztarria.eus 2016ko ira. 2a, 12:33

Zerbitzuen helburua da herritarrei eskualdean dauden lan eskaintzen inguruan informazioa eskaintzea, bilaketa aktiboan laguntzea eta laguntza pertsonalizatua ematea. Txertatu Merkatuan programa ere jarriko dute abian, eta izen-ematea zabaiik dago. 

Iraurgi Berritzenek, Azpeitiko eta Azkoitiko Udalen Garapen eta Berrikuntza Agentziak, enplegu eta orientazio zerbitzuak abian jarri ditu berriz, Lanbiderekin elkarlanean. Zerbitzu horiek eskualdeko langabetuei eta langabezian erortzeko arriskuan edo enplegua hobetu nahian dauden langileei zuzenduta daude, eta doakoak dira.

Lan orientaziorako zerbitzua bi ataletan banatzen dute bulegoaren arduradunek. Batetik, Enplegu Zentroa deritzona dago; herritarrei eskualdean dauden lan eskaintzen inguruan informazioa eskaintzea eta bilaketa aktiboan laguntzea xede, lan eskaintza horietan izena ematen laguntzeaz gain curriculuma eta aurkezpen gutuna prestatzen ere laguntzen dute bertan. Orientazio Zerbitzuaren helburua, aldiz, lan bila dabiltzan eskualdeko herritarrei laguntza pertsonalizatua ematea da; herritar bakoitzak dituen behar konkretuen araberako zerbitzua eskaintzen dute, balizko lan irteera eta prestakuntza zerbitzuetan aholkularitza eskainiz.

Zerbitzuetan interesa izanez gero, enpleguzentroa@iraurgiberritzen.eus edo orientazioa@iraurgiberritzen.eus helbideetara idatzi behar da. Kontsulta telefono bidez egin nahi izanez gero, berriz, honako zenbaki hauetara deitu behar da: 943-02 60 69 (Azpeitia) edo 943-08 34 69 (Azkoitia).

Txertatu Merkatuan programa

Prestakuntza maila baxua duten pertsonei, ikasketak utzi dituztenei eta langabezian urtebetetik gora daramaten 17-30 urtetik beherako gazteei zuzendutako proiektua da Txertatu Merkatuan programa, eta bertan parte hartzeko izen-emate epea zabail da oraindik. Horretarako sfernandez@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi edo 943-85 11 00 telefono zenbakira deitu behar da.