Betiko "esentziari" eusten diote

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 1a, 19:55
Baron Rojo taldea. (Baron Rojo)

Azpeitia Motor jaialdia ospatuko dute larunbatean, eta kontzertu ugari emango dituzte Perez Arregi plazan. Baron Rojo Espainiako heavy-rockaren erreferentea izango da herrian.

"Bizitza osoa" musikari eskaini diote Baron Rojo Espainiako taldeko kideek. Hego Amerikan izan berri dira; eta azaroan, ipar Amerikan hasiko dute itzulia. Bien bitartean, ordea, Azpeitian joko du heavy-rock taldeak. Larunbatean da kontzertua, AZTE elkarteak antolatutako Azpeitia Motor jaialdiaren barruan. 18:00etan hasita, Perez Arregi plazan joko dute honako taldeek: Baron Rojo, Elbereth, Euphoric, Everlevel eta Hyronike.

1980. urtean sortu zuten Baron Rojo, Madrilen, eta 21 disko argitaratu ditu 36 urtean. Carlos de Castro taldeko lehen abeslaria eta bigarren gitarra da. Hark azaldu du beraien musikari "fidelak" direla, "sentitzen" eta "gustatzen" zaien musika delako hori: "Urte asko daramatzagu, baina beti saiatu izan gara gure esentzia mantentzen, jotzerakoan eta konposatzerakoan". Hastapenetatik, hamaika aldaketa izan ditu taldeak, joan-etorri ugarirekin, baina "izaerari eutsi" diote: "Ingurua aldatzen denean, zu ere aldatu egiten zara, ez dago erremediorik. Dena den, uste dut guk lortu dugula betikoak izaten jarraitzea".

Baron Rojo izenak historia eta umorea ditu atzean, De Castroren arabera. Batetik, erreferentzia egiten dio Lehen Mundu Gerrako hegazkin pilotu alemaniar bati; bestetik, Snoopy y el baron rojo komiki liburua du oinarrian. Gainera, abeslariak oso gustuko du izena, gaztelaniazko varon hitza, politikoki, eskuinarekin lotu izan dutelako beti, eta hitz joko polita delako Baron Rojo.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.