Bandera espainola udaletxean

Jabier Altuna, Azpeitiko EAJren izenean 2016ko ira. 1a, 15:57

Azpeitiko gehiengoaren iritzia asko axola ez zaion eta gobernuko delegatua den Urquijo jaunaren errekurtsoak behartu du alkatea gustuko ez duen (eta ez dugun) neurri hori hartzera, eta alkateak agindu hori bete du. 

Espainiako legedia bete du arlo honetan (ere). Ez du ezer egin EAJko hainbat alkatek azken urteetan egin behar izan ez dutenik, baina azken horiek beste erantzun batzuk jaso izan dituzte… inbutuaren legea.

Alde batetik, garrantzia kendu behar zaiola iruditzen zaigu: jendeak poltsikoan, behar duenean, arazorik gabe eramaten du bandera espainola nortasun-agirian; beste alde batetik begiratuta, beste zerbait espero genuen desobedientzia zibila egun guztian aldarrikatzen pasatzen dutenen aldetik.

Benetako abertzale sutsuak, herria saldu ez dutenak, "espainola ez, ikurrina bai" kalean gora eta behera, ETAri garrasika jarraitzeko eskatu ondoren batzokia globo gorri-horiz estali dutenak, "PNV español" ekitaldietan eta kalean, isekaz, goitik behera begiratuz esan digutenak, ez ditugu protestan ikusi. Ai, EAJko alkate batek jarri behar izan balu.

Orain 40 urte hartu zuen bidea, herri honi askatasuna ekarriko zion bidea, baina askatasuna ez ekartzeaz gain, hainbat sufrimendu ekarri dion bidea uztea erabaki du Ezker Abertzaleak. Bide horretan pauso hau eman du. Ez diogu ezer leporatuko baina gauza bat eskatzen diogu: abertzaleok nahi ditugun helburuak lortzeko ezinbestekoa izango da etorkizunean abertzaletasunak dituen bi ikuspegiok batera elkarlanean hastea; baina hasiko bagara, elkarrenganako errespetua izan beharko dugu oinarri.

Ekintza hau behar den bezala aztertu eta irakurketa kritiko bat egiteko balio izatea espero dugu.