Motorrek eta metal doinuek hartuko dute Azpeitia zapatuan

Uztarria.eus 2016ko ira. 1a, 14:09

Azpeitia Motor Festibala izango da larunbatean, AZTEk antolatuta. Goizean hasi eta gauera arteko egitaraua prestatu dute, eta motorrak nahiz metal musika izango dira protagonista. Baron Rojo heavy-rock taldea izango da oholtzara igoko den taldeetako bat. 

Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTEk) antolatuta, Azpeitia Motor Festibala izango da zapatuan, irailaren 3an, Perez Arregi Plazan. Motorrak eta metal musika oinarri, egun osorako egitaraua prestatu dute. 

10:00etan emango diote hasiera antolatutako jaialdiari, eta hainbat lagunek motorrean buelta bat emango dute herrian zehar. Ondoren, 13:00etan, metal poteoa egingo dute. 15:00ak aldera bazkari herrikoiaren txanda izango da. Bertan paella, postrea, kafea eta edaria izango dira 15 euro ordainduta. Bazkarian parte hartzeko izena eman daiteke oraindik 943-02 68 56 zenbakira deituta. Festa arratsaldean lehertuko da, metal kontzertuekin.

Sona handiko taldeak

Txoko ezberdinetik etorritako bost talde igoko dira zapatuan Perez Arregiko oholtzara, euren doinuekin plaza girotzeko asmoarekin: Elberth, Euphoric, Ever lever, Hyronike eta Baron Rojo. Azken hori Espainiako heavy-rockaren talde erreferentea da, eta musikariek azaldu dutenez Azpeitira iristeko "irrikitan" daude.