Ikasturteko lehen batzarra egingo du Elkar-Ekinek gaur

Uztarria.eus 2016ko ira. 1a, 13:04
Soreasuko Elkarguneko irudia.

Soreasuko Elkargunean izango da bilkura, 19:00etan hasita. Batzarrean Elkar-Ekin taldeak ikasturte berrirako dituen erronkak izango dituzte hizpide, besteak beste. 

Iraila iristearekin batera martxan da berriro Elkar-Ekin taldea, eta gaur, hilak 1, ikasturteko lehen batzarra egingo dute. 19:00etan hasiko da bilkura, Soreasuko Elkargunean, eta datozen hilabeteetarako asmoak eta erronkak izango dituzte hizpide bertan. 

Ikasturte berriarekin batera Soreasuko Elkargunean "lanean jarraitzeko asmoa" du Elkar-Ekinek, eta orain artean bezala, bigarren eskuko denda, arropa bankua, baserritarren txokoa eta artisauen denda izango dira Elkargunean. Berrikuntza bat ere izango da ordea, eta irailaren 16tik aurrera xaboi biodegradagarria salduko dute bertan. Data gerturatzen joan ahala informazio zehatzagoa emango dutela azaldu dute Elkar Ekineko kideek.

Bestetik, "kalera begira ere lanean jarraitu nahi" duela azaldu du Elkar-Ekinek: "Datorren ikasturtean zehar ere hitzaldiak, ikastaroak, mobilizazioak, kultur emanaldiak, elkartasun ekimenak eta azokak eta antolatzen jarraituko dugu, besteak beste". 

"Azpeititik aldaketa sozialean eragiteko asmoa eta interesa" duen herrirar oro batzarrean parte hartzera gonbidatuta dagoela azaldu dute Elkar-Ekineko kideek, "helburu horrekin jaio baitzen taldea".