Hasi dira Azoka plazako beheko solairuko obrak

Uztarria.eus 2016ko abu. 24a, 12:43
Azoka plazako beheko solairuko obrak.

Plaza erabat berrituta uzteko azkenengo obrak izango dira; eta sei-zortzi hilabetetan amaitzea aurreikusten du Udalak. 

Plaza berritzearekin batera, bertako produktuen salmenta bultzatzeko prozesu parte hartzaile bat jarri nahi du abian Udalak, herriko eta inguruko baserritar, abeltzain eta eragileekin. 

Hasi dira jada Azoka plazako beheko solairuko obrak; plaza erabat berrituta uzteko azkenengoak. Obrek sei-zortzi hilabete iraungo dutela aurreikusten du Udalak; eta ordurako, plaza "sute eta irisgarritasun arauetara egokituta" egongo dela azaldu du. 

Obrak amaitu bitartean, astearteetako azokan Frontoi Txikian eta haren ondoko plazatxoan jarriko dituzte postuak baserritarrek. Hala adostu zuten Udalarekin. 

Bertako produktuen plaza

Azoka plaza berritzearekin batera, Azpeitiko Udalak "bertako produktuen gune erreferentziala" izango den azoka bat bultzatu nahi du. Horretarako, harategi eta arrandegi postu finkoez gain, bertako produktuak merkaturatuko dituen postu baten aldeko apustua egingo du Udalak. Horretarako, Udazkenetik aurrera, Azpeitiko eta inguruko baserritar, abeltzain eta eragileekin prozesu parte hartzaile bat jarri nahi  du abian.