Alaitz Aguado: "Nik uste dut lortu dugula Loiolara joandako turista asko herrira gerturatzea"

Uztarria.eus 2016ko abu. 23a, 14:15
Alaitz Aguado, turismo bulegoaren sarreran.

Urtero, mundu guztiko milaka lagun gerturatzen dira Azpeitira Loiolako Basilika eta gainerako interes guneak ezagutzera. Duela urte bat, 2015eko uztailean eta abuztuan, 8.000 baino gehiago izan ziren. Turistak Loiola bisitatzera ez mugatzeko eta herriko erdigunera gerturatzeko asmoz, Udalak Alde Zaharrean turismo bulegoa zabaldu du abuztuan zehar, Plaza Txikian, Udaltzaingoaren ondoan. Bulegoak antolatuta, Apeitiko Erdi Aroko eraikinak eta Inaziotar guneak ezagutzeko bisita gidatuak ere egin ziren hilaren 3an, 7an eta 10ean. 

Alaitz Aguado da turismo bulegoko arduraduna; eta bere ustez, "lortu da helburua".

Bulegoa zabaltzean, helburua turistak Loiolatik herrira gerturatzea zela esan zuen Udalak. Lortu al da helburu hori? 

Nik uste dut baietz. Loiola da Azpeitiko gune turistiko indartsuena; eta aurten, hango turismo bulegora joandakoei herriaren erdigunea ezagutzera animatzeko esan diete. Orain aukera gehiago daude, bisita gidatuei eskerrak; eta parrokia eta Madalena ere interesguneak dira. Nik uste dut lortu dela Loiolara joandako turista asko herrira gerturatzea. 

Nongoak izan ohi dira Alde Zaharreko turismo bulegora gerturatzen diren turistak?

Espainiar estatukoak izan ohi dira: Madrilekoak, Kataluniakoak, Valentziakoak eta Andaluziakoak, gehien bat. Baina azpeitiar asko ere gerturatu dira bisita gidatuak egitera eta Izarraitzeko maparen bila. Bulegoa zabaldu zenetik gaur arte, guztira 265 pertsona etorri dira turismo zerbitzuren bat eskatzera. Baina zifra horietan ez dira agertzen egunean parrokia ikustera joaten diren 20 bat pertsona; horiek ez ditugu zenbatzen.

Orokorrean, zeren bila etortzen dira?

Gehienbat, mapen bila eta herriko gune turistikoez galdezka etortzen dira. Normalean, oporraldia kostan pasatzen ari den jendea izaten da; eta Azpeitira arratsalde-pasa soilik etortzen dira. Askok Loiola eta Burdinbidearen Euskal Museoa ikusi ondoren, herrian buelta bat eman nahi izaten dute. Otorduak non egin ere galdetu ohi didate, abuztuan ez baita erraza jantokiak irekita topatzea. 

Hiru bisita gidatu ere egin dituzue. Ibilbidea berdina izan al da hiruetan?

Bisitarien interesetara moldatzen saiatu gara. Baina Plazan hasi eta parrokian amaitu ditugu; tartean Alde Zaharreko eraikinak eta Madalena ikusiz. 

Zer esan zizuten bisitariek txangoa amaitutakoan?

Bisitak Juan Bautista Mendizabalek gidatuta egin dira. Mendizabalek asko daki; eta hori igarri egiten da, gogo handiz ematen ditu azalpen guztiak. Antolatu genituenean, bisitak ordubete edo ordu eta erdikoak izango zirela espero genuen; eta azkenean, bi ordu baino luzeagoak izan dira. Eta gainera, batzuk azalpenak entzuten jarraitzeko gogoarekin gelditu zirela esan ziguten. Hori jendea gustura egon denaren seinale da. Askok bisita gehiago egingo al diren ere galdetu digute.

Bisitari kopurua hazten joan da pixkanaka. Lehenengoan, bost lagun izan ginen; bigarrengoan 15 bat edo; eta hirugarrengoan 25 lagunetik gora bildu ginen; horietatik erdiak baino gehiago azpeitiarrak eta azkoitiarrak. Jendea oso pozik gelditu da bisita gidatuekin, eta esango nuke, geuri, azpeitiarroi, gustatu zaizkigula gehien bat. Izan ere, Azpeitia beste modu batean ikusten da horrela.

Irailetik aurrera ba al duzue bulegoa irekita mantentzeko asmorik?

Udalak badu bulegoarekin jarraitzeko nahia; eta beharra ere badago, nire ustez. Hala ere, oraindik ez da erabaki ziurrik hartu.