Urtebete eta gero, "lotura segururik gabe" jarraitzen du Lasao parean Azpeitia eta Zestoa arteko bidegorriak

Urola Kostako Hitza 2016ko abu. 22a, 16:47
Oinezko eta txirrindulariek gurutzatu behar duten errepidea. (Eneritz Albizu Lizaso /Urola Kostako Hitza)

Auzoaren alde batetik bestera igarotzeko, beharrezkoa da errepidea gurutzatzea. Azpeitiko eta Zestoako udalek zein lasaotarrek trenbide ondoko bidea egokitzea eskatzen dute, "herritarren segurtasunarengatik".

Azpeitiko eta Zestoako udalek eta Lasaoko bizilagunek gogorarazi dute “lotura segururik gabe” jarraitzen dutela bidegorri eta berdeek, Lasao auzoaren parean. Nabarmendu dute urtebete igaro dela pasabide bat eskatu zutenetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela aurreikusten halakorik egiterik.

Gaur egun, auzoaren alde batetik bestera igarotzeko, beharrezkoa da errepidea gurutzatzea, baita Azpeitia eta Zestoa arteko ibilbidean jarraitzeko ere. 2015eko abuztua artean, trenbide ondoko bidexkatik pasatzen ziren oinezko eta txirrindulariak, errepidearen azpitik; baina Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi egin zuen pusketa hori. Orain, errepidea gurutzatu behar da. Hori dela-eta, bi seinale jarri ditu bertan aldundiak: 50 kilometro orduko gehienezko abiaduraren seinalea eta oinezkoak eta txirrindulariak dabiltzala ohartarazten duena. 2016rako edo 2017rako aurreikusi du erakundeak zebrabide bat jartzea.

Auzoa bitan zatituta

Marijo Azkue Lasaoko auzo-alkateak esan du “arazo handia” dela beraientzat gaur egungo egoera. Azaldu du errepidearen bi aldeetan bizi direla lasaotarrak, eta alde batekoek ez dutela aukerarik herrigunera “modu seguruan” sartzeko: “Lau urte daramatzagu bide seguru bat eskatzen, gure auzoa bi gunetan dagoelako banatuta, eta derrigorrezkoa delako alde batetik bestera pasatzeko bide bat izatea”. Dena dela, auzo-alkateak nabarmendu du joan den urtean okertu zela beraientzat egoera, trenbide ondoko pasabidea itxi zutenean; izan ere, errepidea gurutzatzea da, gaur gaurkoz, haien aukera bakarra. “Lasaotarrek beti esan izan dugu prest gaudela bidexka hori auzolanean konpontzeko edo behar den guztian laguntzeko, baina ez digute eman aukera hori”, adierazi du.

Jarraitu albistea osorik irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean, hemen.