Jon Alberdi: "Finalera iristea ustekabea izan da"

Uztarria.eus 2016ko abu. 24a, 12:17
Jon Alberdi.

Jon Alberdi azpeitiarrak XLV. Dinastia Etxabe Txapelketako finala jokatuko du bihar, hilak 25. Zortzi urtez Zestoan jokatu ondoren, Zumaiara itzuli da Txapelketa; Aitzuri pilotalekura. Alberdik uste du "partida gogorrari" egin beharko diotela aurre berak eta bere bikotekidea izango den Markel Ibarloza markinarrak. 

Dinastia Etxabe Txapelketa erreferentea da pilota munduan. Zer esan nahi du zuretzat finalera iritsi izanak?

Orain txapelketa askotan ari gara parte hartzen; baina Dinastia Etxabekoa da garrantzitsuenetakoa. Txapelketa hau aukera handia da guretzat. Orain arteko partidak larri irabazi baditugu ere, oso gustura gaude finalera iritsi garelako. Aurkari gogorren aurka ari gara lehiatzen. 

Zortzi urtez Zestoan jokatu ondoren, aurten Zumaian izango da txapelketa. 

Bai, nik Zestoan ezagutu izan dut beti. Uste dut oso ondo antolatu dutela txapelketa. 

Espero al zenuen finalera iristea txapelketa hasi baino lehen?

Ez, ustekabea izan da. Oso gustura gaude lortutako emaitzekin. Lehenengo partida txapelketako bikoterik onenetakoaren aurka jokatu genuen. Markelek eta biok oso egun ona izan genuen; lan ona egin, eta garaitu egin genituen.

Finalerdietakoa ere partida gogorra izan zen: 14-4 hasi ginen galtzen, eta une horretan oso zaila bazirudien ere, egoerari buelta ematea lortu genuen. 

Eta zer uste duzu gertatuko dela bihar?

Finalekoa ere bikote zaila izango da. Riol, Bizkaiko aurrelari onenetakoa, izango da gure aurkaria; eta baita euren mailako atzelari gogor bat ere: Julen Aizpuru. Nire ustez, eurak izango dira faborito; baina ea gerra pixka bat ematen diegun behintzat.