Aintzane Agirre: "Kantinan irabazitakoa unibertsitateko bidaiak ordaintzeko erabiliko dugu"

Uztarria.eus 2016ko abu. 19a, 11:30
Aintzane Agirre, igerilekuko kantinan.

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan Gradua ikasten ari diren hamasei gazte ari dira uda honetan igerilekuko kantina kudeatzen; eta Aintzane Agirre azpeitiarra da horietako bat. Kantinan irabazitakoa ikasturtea gainditzeko eskatzen dieten diru kopuru jakin bat lortzeko erabiliko dute. Eguraldiak lagundu ez badie ere, gogoz heldu diote proiektuari. 

Hamasei pertsonen artean daramazue kantina.

Bai, eta neu bakarrik naiz azpeitiarra. Besteak Oñatikoak, Elgoibarkoak, Gasteizekoak, Zumaiakoak, eta Bergarakoak dira, besteak beste.

Graduko gairen bat gainditzeko beharrezkoa al duzue udan lanen bat egitea?

Gure gradua oso desberdina da besteekin alderatuz. Ikasturte hasieran enpresa bat sortu behar izan genuen; baina horretaz gain, helburu jakin batzuk jartzen dizkigute. Horietako bat diru kopuru jakin bat lortzea da ikasturte bakoitzean. Oraintxe amaitu dugun ikasturtean, graduko lehenengoa izan dena, taldeko 24.000 euro lortu behar izan ditugu. Datorren ikasturtean, pertsonako 5.000 euroko irabaziak lortzea eskatuko digute; bestela, ez dugu gaindituko. Kantinarekin, iraileko lanari udan aurrea hartzea erabaki dugu.

Eta behin lortutakoan, zertarako izango da dirua?

Unibertsitatean, urtero bidaiak egiten ditugu: aurten Finlandian izan gara; eta datorren urtean San Frantziskora, Estatu Batuetara, goaz. Dirua bidaia horiek ordaintzeko erabiltzen da.

Zergatik aukeratu duzue igerilekuko kantina, eta ez beste zerbait?

Aurreko udan ere gure graduko jendeak hartu zuen kantina, gu baino urte bat aurrerago doazenak. Haiek gomendatu ziguten.

Eskatzen dizueten diru kopurura iristeko proiektu gehiago prestatu al dituzue?

Kantinaz gain, beste hainbat proiektu pentsatu ditugu. Aurreko urtean 14-17 urteko gazteentzat bidaia bat antolatu genuen; abuztuan egin dugu eta neu izan naiz begiralea. Arropa marka bat ere sortu dugu; baita umeei informatikaz modu dibertigarrian irakasteko klase batzuk ere.

Egia esan, lehenengo ikasturtea zenez, ikaskideak oraindik ez ginen asko ezagutzen, eta dena oso berria izan da guretzat. Baina datorren urtean proiektu indartsu asko sortuko ditugu, eta enpresa handiekin elkarlanean jardungo dugu.

Ze onura ditu kantinak beste proiektuekin alderatuz?

Denok biltzeko errazagoa da. Oporretan, bakoitza bere etxera joaten da, eta zaila izaten da denok zerbaiten inguruan ganoraz hitz egitea. Baina horrela, kontaktuan gaude. Baina kantinak baditu bere zailtasunak ere; pixkanaka ikasten ari gara.

Eguraldiak asko eragingo du, ezta?

Bai, eta aurten ez dugu batere zorterik izan. Eta aldea nabarmena da: eguraldi ona egiten duenean igerilekua jendez lepo egoten da; eta lainotuta badago, ez da inor etortzen. Hasieran egun onak izan genituen, baina azken asteotan ez.

Arazorik izan al duzue kantinan?

Saninazioetan saiatu ziren lapurtzen, baina ez zuten lortu kantinako atea puskatzea. Herenegun bai, ordea; kantina barrura sartu ziren. Aurreko urtean kantinan lan egin zutenek ohartarazi ziguten, ordea, bertan dirurik ez uzteko, haiei lapurtu egin baitzieten. Beraz, hemen ez dugu dirurik uzten. Zorionez, freskagarriak bakarrik lapurtu dizkigute; baina kantina guztia hankaz gora utzi dute.