Juan Luis Moraza: "Nuarbeko Sokatira Taldeak erakutsi didan eskuzabaltasuna izugarria izan da"

Uztarria.eus 2016ko abu. 18a, 12:48
Juan Luis Moraza.

Irailaren 3an Nuarben egingo da Donostia 2016ko Bake Ituna proiektuko saioetako bat. Gerra eta honek sortutako tentsioa lantzea izango da helburua; eta Juan Luis Moraza eskultorea (Gasteiz, 1960) arduratuko da horretaz, Tug of war, gerrako tiraldia, bezala izendatu duen ekitaldiaren bidez. Morazak Nuarbeko Sokatira Taldearen laguntzarekin prestatu du ekitaldia. Sokatiraren bidez, “elkartasunaren eta parte-hartzearen indarra” adierazten saiatuko da; bere hitzetan, “proiektu zirraragarria” izango denarekin.

Topaketa irailaren 3an izango da, 11:00etan, Nuarbeko frontoian, eta ondoren Sokatiraren museoa bisitatuko dute. Ekitaldia, berriz, 12:00etan izango da, Nuarbeko Olaetxe zelaian; eta ondoren sardina-jana egingo dute. Parte hartu nahi dutenek aldiriakafueras@dss2016.eu helbidera idatzi beharko dute aurrez.

Zergatik aukeratu duzu sokatira zure proiektuko gai nagusitzat?

Egia esan, ez dakit nola bururatu zitzaidan. Informazio bila hasi nintzenean jakin nuen sokatirari ingelesez tug of war esaten zaiola, hau da, gerrako tiraldia. Izen biribila iruditu zitzaidan proiektuaren gaiarekin lotzeko. Azkenean, sokak eman dizkit proiektua prestatzeko gako guztiak.

Zer prestatu duzu ekitaldirako?

Sokatira proba bat izango da lehenengo, ohikoa bezalakoa. Baina gero, sokatiralariak soka desegiten hasiko dira pixkanaka. Horrela, gero eta hari mutur gehiago izango dira: lehenengo 8, gero 16, eta horrela, 104 muturretara iritsi arte. Sokak gero eta hari mutur gehiago izan, orduan eta jende gehiago beharko da horiei heldu eta desegiten jarraitzeko. Nire asmoa elkartasuna eta lankidetzaren indarra irudikatzea da. Izan ere, sokatirako tentsio lineala apurtu egingo da, biribil bat osatuz. Dibertigarria izango da.

Sinbolismoak indar handia izango du, ezta?

Bai. Sokatira, beste kirol asko bezala, borroka bat da, bestearen lurraldea konkistatu nahia. Eta aldi berean, gatazkaren errepresentazio hori hitzarmen baten bidez gauzatzen da. Hau da: jokatu ahal izateko beharrezkoa da adostasuna, jokoaren arauak onartu behar dituzte jokalariek. Beraz, gatazkaren errepresentazioa dirudiena, errealitatean, hitzarmen bat da.

Soka bera ere sinbolo bihurtu nahi izan duzu.

Soka parte-hartzearen sinboloa da: hari askok eta oso hauskorrek, elkarri lotuta, soka indartsu bat osatzen dute. Bestalde, soka desegitea da soka hori nola eginda dagoen gogorarazteko modurik onena.

Parte-hartzeak garrantzia handia izanago al du?

Beharrezkoa izango da. Horregatik, helduak, gazteak zein haurrak gonbidatu nahi ditut bertara. Parte hartzeko ez dago indartsua izan beharrik; indar erakustaldi bat baino, dantza bat egin nahi dugu. Musika ere izango da horretarako.

¿Ze musika erabiliko duzu?

Hori ezustea izango da.

Proiektuarekin hasi baino lehen, inoiz izan al zinen Nuarben?

Ez, inoiz ez. Ez nekien Nuarbeko Sokatira Taldeak mundu mailako txapelketak irabazi zituenik; ezta bertan Sokatiraren Museoa zegoenik ere.

Nuarbeko Sokatira Taldeak lagundu al dizu ekitaldiarekin?

Taldeak erakutsi didan eskuzabaltasuna izugarria izan da. Proiektuaren inguruan ia ezer jakin aurretik ere, euren laguntza guztia eskaini zidaten. Lan asko egin dute. Ohore bat izan da, asko eskertzen diet nigatik egindako guztia.

Tug of war bideoz grabatzeko asmoa ere baduzu, ezta?

Ekintza filmatu egingo da, eta bideoa eta ekitaldian ibiliko den soka Nuarbeko Sokatiraren Museoan izango dira ikusgai, ahal bada. Bestalde, ekitaldiarekin lotuta, irailaren 1ean eta 2an bi film proiektatuko dira Soreasu antzokian: La conquista de Albania eta Lamerica; eta solasaldia izango da ondoren.

Sokatiraren Museoa itxita dago, ordea.

Museoa osatuta eta amaituta dago barrutik. Baina ezin izan dute irekita mantendu, saiatu badira ere. Museo horrek interes kultural eta antropologiko handia du, informazio oso baliotsua dago bertan. Sokatira, aldi berean, oso kirol lokala eta unibertsala da. Neolitikoan Txinan, Indian eta Egipton existitzen zen, besteak beste.

Aukera hau baliatu nahi dut administrazio publikoari eskatzeko museoa zabaldu dezan. Bide asko daude kosturik izan gabe museoa irekita edukitzeko. Nuarbetarrek ez dute eskatzen pertsona bat lanean edukitzea bertan egunean zortzi orduz; nahikoa izango litzateke interesa duenarentzat irekitzea. Administrazioaren borondatea falta da, ordea.