Azpeitiar bat zauritu da Faltsezko entzierroan

Uztarria.eus 2016ko abu. 16a, 13:08

Nafarroako ospitalera eraman dute azpeitiarra, buruan zaurituta. Entzierroan, zezenetako batek buelta-erdia hartu eta kontrako norabidean joan denean hartu du kolpea. 

Festetako hirugarren entzierroa egin dute gaur goizean Faltsezen (Nafarroa), eta azpeitiar bat zauritu da bertan, Diario de Navarra egunkariak jakinarazi duenez. Nafarroako ospitalera eraman dute azpeitiarra, buruan zaurituta. Entzierroan, zezenetako batek buelta-erdia hartu eta kontrako norabidean joan denean hartu du kolpea.

Guztira lau pertsona artatu dituzte anbulantziek gaur; eta azpeitiarra da lauetatik zauririk larrienak dituena. Beste hirurek urradurak eta zauri arinak zituzten, eta entzierroan egon ohi den anbulantzian bertan artatu dituzte. 

Faltsezko festetako entzierroak mendian izan ohi dira; eta zezenek 800 metroko ibilbidea egiten dute aldapan behera, alde batean mendia eta beste aldean amildegia dituztela. Hamar zezenek hartzen dute parte, baina gaurkoan zazpik amaitu dute korrida, eta besteak ukuilura eraman dituzte.