Bizkaiko Elkarte Animalistak salaketa jarri du, San Inazio eguneko zezenketan "adingabe askori bakarrik sartzen" baimentzea egotzita

Uztarria.eus 2016ko abu. 12a, 10:45

Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan aurkeztu du salaketa elkarteak; eta zigorrak ezartzeko eskatu du. 

Bizkaiko Zezenketen Aurkako Elkarte Animalistak salaketa aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzan. Elkartearen arabera, 16 urtetik beherako "dozenaka gazte" joan ziren San Inazio eguneko zezenketa ikustera adin nagusiko norbaitek lagundu gabe; eta arduradunek eta agintariek "ez zieten sarrera oztopatu". Zezenketa ikuskizunak arautzen dituen lege-dekretuaren arabera, 16 urtetik beherako adin txikikoak adin nagusiko norbaitek lagunduta soilik joan ahal dira zezen-ikuskizunetara. 

Bizkaiko elkarteak azaldu du, uztailaren 31ko ikuskizuna hasita zegoela, adin txikiko gazteak "atzeko ateetatik" sartu zirela zezen plazara; eta lehen aipatutako legea urratzen ari zelakoan, elkarteko kideek gertatutakoaren berri eman ziotela Ertzaintzari. 

Zigor-ezarpenen eske

Elkarte animalistaren iritziz, herritarrek ezin dute "legea hautsi"; eta "hare gutxiago" kaltetuak adinez txikikoak badira. Ohartarazi du ez dela kasu bakar bat izan, baizik eta "dozenaka" izan direla kaltetutako adingabeak. Horregatik, kasu hauetarako legean aurreikusten diren "zigor handienen ezarpena" eskatu du. "Agintarien betebeharra da indarkeria erabiltzen duten ikuskizunek adingabekoen heziketan eragin ditzaketen ondorio psikologikoez arduratzea", gaineratu du elkarteak.