Organo Erromantikoaren zikloko nazioarteko ikasleak Loiolan izan dira

Uztarria.eus 2016ko abu. 10a, 13:57
Musika hamabostaldiko nazioarteko ikasle eta irakasleak, Loiolako organoa atzean dutela.

Astelehenean hasi zen ikastaroa; eta ostiralean, hilak 12, amaituko da ikasleek Donostiako Santa Maria elizan eskainiko duten kontzertuarekin. 

Organo Erromantikoaren zikloko nazioarteko ikasleak Loiolan izan dira gaur goizean, santutegiko organoa ezagutzen eta jotzen. Izan ere, urtero bezala, Musika Hamabostaldiak Organo Erromantikoaren ikastaro zikloa antolatu du. Aurtengo hamasei ikasleen artean, beste hainbat nazionalitatez gainera, estatubatuarrak, japoniarrak eta frantsesak aurkitzen dira; eta Daniel Roth irakaslea dute gidari.

Esteban Elizondo bisitaren koordinatzailearen ustez Gipuzkoako organoak "oso altxor berezia" dira. Izan ere, beste hainbat herrialdeetako organoei modernizatzeko asmoz aldaketak egin zizkieten, eta horrela "euren berezko soinua" galdu zuten. Gipuzkoakoak, berriz,  berdin mantendu dira, eta "soinu originala" izaten jarraitzen dute. Loiolako Cavaillé-Coll-a horietako bat da. Elizondoren ustez, "jatorrizko" soinu hori ezagutzera etortzen da mundu guztiko jendea: "Izan ere, oso garrantzitsua da organo-jole batentzat instrumentuaren jatorrizko soinua ezagutzea". 

Astelehenean hasi zen ikastaroa; eta ostiralean, hilak 12, amaituko da, ikasleek Donostiako Santa Maria elizan eskainiko duten kontzertuarekin. Bitarte horretan, Azpeitikoaz gainera, Azkoitiko, Usurbilgo, Tolosako, Ataungo eta Debako organoak ere bisitatuko dituzte. Aurreko urtean guztira 4500 entzule izan zituen Organo Erromantikoaren zikloak, eta aurten ere zifra errepikatzea espero du Elizondok.

Gaur arratsaldean ere Loiolako organoaz gozatzeko aukera izango da; 20:00etan, Burkhard Ascherl organo-jotzaileak eskainiko duen kontzertuarekin.