Egaña gozotegiko bisita gidatua, argazkitan

Uztarria.eus 2016ko abu. 10a, 12:00

Azpeitiko Egaña gozotegiko artisau izozkiak Udako zaporeak egitasmoko produktu izendatu dituzte; eta egitasmo hori dela eta, atzo, asteartea, enpresak Landetan duen lantegira bisita gidatua egiteko aukera izan zen. 

Bertan, gozotegiaren eguneroko martxa aurrez aurre ikusi ahal izan zuten bisitariek. Bertako produktuak dastatzeko aukera ere izan zuten: pastelak, tartak, eta, nola ez, baita gozotegian hain ezagunak diren inazioak eta gazta izozkia ere. Inazio Egaña gozogileak lagunduta, bisitariek eurek ere egin zituzten izozkiak. Ordubeteko bisitaldian, gozotegiko lanen inguruan guztia jakin ahal izan zuten; inazioen errezetaren sekretuak izan ezik, noski. 

Bihar, hilak 11, lantegira egingo den bigarren bisita gidatuan parte hartzeko aukera izango da. Horretarako, aurrez Loiolako Turismo Bulegoan eman beharko da izena; 943151878 telefonora deituz, edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatziz. 

Argazkietan, bisita gidatuan ikusi eta dastatutakoak.