Ekainean baino 19 langabetu gutxiago zeuden uztailean Azpeitian

Uztarria.eus 2016ko abu. 5a, 12:55

Azpeitiko Udala "gustura" azaldu da datuekin. Baina "kezka" adierazi du, langabezian dauden azpeitiarrak "oraindik ere gehiegi" direlako. 

Langabetu kopuruak beheraka jarraitzen du Azpeitian: maiatzean 783 langabe zeuden herrian, ekainean 749, eta uztailean 730 izan ziren. Beraz, uztailean ekainean baino 19 langabetu gutxiago zeuden; eta maiatzean baino 53 gutxiago. 

Azpeitiko Udala "gustura" azaldu da datuekin, langabezia "pixkanaka" txikitzen doalako. Hala ere, Estitxu Elduaien zinegotziak "kezka" adierazi du, langabezian dauden azpeitiarrak "oraindik ere gehiegi" direlako eta zenbait herritarrek "baldintza prekarioetan" egiten dutelako lan. "Datuek esaten digute ondo ari garela, baina hobetzeko margen handia dugu oraindik", azaldu du zinegotziak.

Eskualdeko tasa baxuenetarikoa

Langabezia tasari dagokionez, Azpeitian %10,2koa zen ekainaren amaieran; Urola Erdiko eskualdekoa %10,7koa izan zen, eta Euskal Autonomia Erkidegokoa %13,6koa. Azpeitikoa eskualdeko langabezia tasa baxuenetarikoa da, Errezilgoarekin eta Beizamakoarekin batera.