Joxean Agirre: "Nire narratzaile maskulinoa lekuz kanpo sentitzen da, zalantzatia da"

Berria 2016ko abu. 5a, 12:07

Gizonezkoak zenbait segurtasun galdu ditu; nora ezean da, baina idazleari literatura egiteko bazka ematen dio. Paradoxak sorkuntza elikatzen du. Posizioa aldatzekotan, aspaldi aldatu zuela dio, baina prestatzen ari den hurrengo lanean emakume bati emango dio ahotsa lehen pertsonan.

Apirilean bota zuen baieztapen borobila, Gizajoen katalogoa nobelaren (Elkar, 2016) aurkezpenean: "Gizon bati kentzen badizkiozu bi edo hiru ziurtasun, gizajo bihurtzen da". Orain dator galdera, hiru hilabete geroago, Zarauzko malekoiko terraza batean, bero sapari aurre egin nahian zurito bat freskagarri hartuta, gizonezko idazle bati genero gaien inguruan gizartean itxuraz gertatzen ari den ikuspegi aldaketak nola eragiten dion jakin nahian elkartu ondoren. "Badakit gai irristakorra izan litekeela; baina ez dut arazorik haren inguruan hitz egiteko. Aspaldidanik izan dut inguruan emakumeen iraultzan murgildutako jendea, irakurtzen dut gaiaren inguruan ere, eta neuri sortutako kezkak, zalantzak azal ditzaket, jakina". 

Gizajo sentiarazten duten arrazoiez galdetuta, bere belaunaldiak bultzatutako iraultzen artean "arrakasta izan duen bakarrarekin" lotzen du, feminismoarekin. "Ez du bere helburua, genero berdintasuna, lortu, baina borrokaren aldarrikapenak gizarte osora zabaltzea lortu du, eta ez da gutxi". Iraultza horrek "gizonezkoen lekualdatze bat ekarri du, desplazamendu bat", eta mudantza hori bizi du gizonezko idazleak ere, egun. "Nire narratzaile maskulinoa, ondorioz, lekuz kanpo sentitzen da, zalantzatia da. Badaki gizarte patriarkalean zituen pribilegio asko galdu dituela, baina ez daki oso segur zer abantaila eskuratu dituen".

Jarraitu irakurtzen, Berriaren webgunean.