Beste urtebetez jarraituko du adingabeen zentroan Amaia Azkueren hiltzaileak

Uztarria.eus 2016ko abu. 3a, 16:52

Donostiako Adingabeen Auzitegiak hartu du erabakia, azpeitiarraren eboluzioa "positiboa" delako. 

Donostiako Adingabeen Auzitegiak erabaki du Ander E. azpeitiarrak beste urtebete igaroko duela adingabeen zentroan. Azpeitiarraren eboluzioa "positiboa" delako hartu du erabakia. Izan ere, 2012ko epaiaren arabera, zigortuak jarrera txarra balu kartzela batean sartuko lukete. 

2011ko martxoan aurkitu zuten Azkueren hilotza Nuarbeko urtegian. Ander E.-k bere burua entregatzean aitortu zuen krimena, baina gero atzera egin zuen eta errugabetzat jo zuen bere burua. Hala ere, epaileak frogatutzat jo zuen gertatutakoa. 

Orduan adingabea zen, eta hamar urteko itxialdia ezarri zion epaileak. Zigor hori betetzean bost urte egon beharko du zaintzapeko askatasunean. Azpeitiarrak zigor erdia bete du gaur gaurkoz, eta 23 urte dituen arren ez dute Ibaiondotik espetxera eramango. Izan ere, epaileek uste dute zentroak jarraitzea "birgizarteratzeko faktore garrantzitsua" dela.