Isiltzera doa 'eskandalue'

Gipuzkoako Hitza 2016ko uzt. 29a, 13:03
Ezkerretik eskuinera, Zeberio, Murillo, Zaldua, Ibarzabal eta Beristain Sakandalueko kideak. (Julene Frantzesena)

Aurreneko aldiz Marea Arroxaren kalejira baterako elkartu ziren. Egun berean baina sei urtera, bihar, Skandalue elektrotxarangak ibilbideko azken kontzertua emango du. Izan ere, 2010eko uztailaren 30 hartan, "behin jotzeko" elkartu ziren hainbat azpeitiar. Ordutik, han eta hemen eman dituzte kontzertuak, eta taldea haziz joan da urte hauetan guztietan. 

Maite Beristain saxofoi jotzailea (Azkoitia, 1993), Felipe Murillo abeslaria (Azpeitia, 1987), Mikel Zaldua gitarra jotzailea (Azpeitia, 1987), Oier Zeberio saxofoi jotzailea (Zumaia, 1994) eta Jon Ibarzabal tronpeta jotzailea (Azpeitia, 1989) dira taldeko musikarietako batzuk, eta ibilbidea errepasatu dute, azken eskandalua isildu aurretik.

Duela sei urte, biharko egunez, musika tresnak eskuetan, Azpeitiko kaleak hartu zituzten gaur Skandalue osatzen duten kideetako batzuek. "Sei kantuko errepertorioarekin" atera ziren festetako lehen eguna girotzera, egun hartarako prestatu zutenarekin. "Telefonoa hartu, eta musika tresnaren bat jotzen zuten herritarrei deitzen ibili ginen. Zortzi bat lagun irten ginen azkenean, eta supermerkatuko orga batean jarritako egituran bafleak jarrita ibili ginen", gogoratu du Murillok. Zalduak azaldu duenez, ondoren Azkoitiko andremaixetarako deitu zieten, eta han ere sei kantu "jo eta jo" aritu ziren, jira eta buelta. Uda amaieran Zarautzen jo zuten, eta han "lehertu" zen Skandalue elektrotxaranga. "Euskal Jaien aurreko zapatua izan zen, beste pare bat kanta ere prestatu genituen, eta ikaragarria izan zen. Jende pila bat gerturatu zitzaigun, eta telefonoa eskatu ziguten askok. Handik aurrera hasi zen mugimendua", azaldu du Zalduak.

Ordutik, ehunka kontzertu eman dituzte, eta hainbat emanaldi kuttun dituzte taldeko kideek. Beristainek Donostiako Piraten Egunean emandako kontzertua oroitu du: "Hura oso desberdina izan zen, jendez lepo zegoen inguru guztia". Zeberiok, berriz, hasierako kontzertuekin ditu "sentimendu indartsuenak". "Ederra izan zen ikustea, poliki-poliki, kontzertuz kontzertu, jende gehiago gerturatzen zela. Pixkanaka goraka gindoazela nabaritzen genuen, eta gero eta herri gehiagotatik deitzen ziguten. Ikaragarria da ikustea jendeak erantzuten duela. Hala ere, eman ditugu kontzertu berezi batzuk, hala nola Bilboko festetako aurrena, Bartzelonakoa… Bartzelonan, mossoek inguratuta egin genuen kalejira, Maritxu nora zoaz eta halakoak jotzen genituen bitartean". Ibarzabalek Lesaka (Nafarroa) aipatu du, eta Zalduak, berriz, Ordizia. "Kamioneta baten gainean jo izan dugu, eta lau urtez joan gara hara. Urteen poderioz, harreman estua egin dugu antolatzaileekin-eta. Hori ere polita da".

Erreportajea osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.