Eusko Jaurlaritzaren arabera, ahari jokoak ezin dira legez kanpokotzat jo

Uztarria.eus 2016ko uzt. 27a, 10:31

EAEko Ikuskizun Publikoen eta Aisialdi Ekintzen legean ahariak aipatzen ez direnez, atzera bota du Equo alderdiak otsailean jarritako salaketa. Hiru salaketa jarri zituen Equok; Gipuzkoako Aldundian aurkeztutakoak ere ez zuen aurrera egin baina, Azpeitiko Udalaren iturriek Uztarriari adierazi diotenez, Fiskaltzan bide penaletik jarritakoak aurrera jarraitzen du.

Joan den otsailean Equo alderdiak hiru salaketa jarri zituen Azpeitiko zezen-plazan egiten ziren ahari jokoen kontra, ikuskizun horiek eteteko eskatuz: Animalien Babeserako Legea urratzeagatik bat, Gipuzkoako Foru Aldundian; Ikuskizun Publikoen eta Aisialdi Ekintzen Legea urratzeagatik beste bat, Eusko Jaurlaritzan; eta hirugarrena, bide penaletik, Fiskaltzan aurkeztu zuen, animalien kontrako tratu txarrak salatuz.

Bere garaian, Aldundiak jakinarazi zuen jasotako salaketa aztertzea ez zegokiola berari, ez zelako bere eskumenekoa. Orain, berriz, Eusko Jaurlaritzak ere atzera bota du Equoren salaketa. Jaurlaritzaren arabera, ahari jokoak ezin dira legez kanpokotzat jo, animalien babeserako legean ez direlako zehatz aipatzen aharien arteko borrokak; legeak oilarren eta txakurren arteko borrokak soilik aipatzen ditu.

Animaliekiko Errespetuaren Aldeko Ekintza plataformak erabakia salatu du, ahari jokoak legez kanpokotzat jo ditzala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta sinadura bilketa hasi du. Dagoeneko 10.000 sinadura bildu dituzte.

Bide penala, irekita

Equok ahari jokoen kontra jarritako hirugarren salaketak, ordea, bere bidea egiten jarraitzen du. Azpeitiko Udalaren iturriek Uztarriari adierazi diotenez, Fiskaltzan animalien kontrako tratu txarrengatik bide penaletik jarritako salaketak aurrera segitzen du

Equok Azpeitiko ahari jokoen kontrako salaketen berri eman zuenean, Udalak adierazi zuen zezen-plaza bere jabegokoa izan arren, azpiegitura horretan ez duela "inongo ikuskizunik" antolatzen, eta "1941. urtetik, gutxienez, zezen-plazaren kudeaketa utzia" duela herritar batzuen esku. Bestalde, "legea zorrotz betearazteko erabakiak hartuko" zituela azaldu zuen Udalak, eta plazaren kudeaketaz arduratzen direnei "legearen araberako azpiegituraren erabilera egokia exijituko" ziela azpimarratu zuen. Horrez gain, "inondik inora animalien gaineko txatu txarrik onartzen ez" duela adierazi zuen.

Oinatz Elkarte Animalistako kideak ere haserre agertu ziren hari jokoen kasuarekin, eta "zezen-plazaren kudeaketa berrantolatzea" eskatu zuten. 

Azpeitiko zezen-plazan grabatutako bideo bat jaso ondoren –gero, bideoa saretik kendu zuten– jarri zituen hiru salaketak Equok.