Maite Etxezarreta: "Modan jarri dira mendi lasterketak"

Uztarria.eus 2016ko uzt. 26a, 19:14
Maite Etxezarreta.

Uztaileko Uztarria aldizkaria sarean irakur daiteke dagoeneko, webgune honetan (hemen, PDF formatuan). Herri aldizkariaren 185. zenbaki horretan Maite Etxezarreta korrikalariari egindako elkarrizketa da hona ekarri duguna.

Aurreko urteko udazkenean hartu zuen parte lehenengo aldiz mendi lasterketa batean; Izarraitzen egiten den Zuzenien igoera bertikalean, hain zuzen. Ordutik, hainbat lasterketatan parte hartu du Maite Etxezarretak (1991), eta "disfrutatzen jarraitzea" da bere asmoa.

Noiztik duzu lasterketetan parte hartzeko afizioa?

Beti izan dut mendira joateko afizioa, betidanik gustatu izan zait. Gazteagoa nintzela, eskalatzen ibiltzen nintzen, eta eskaladari utzi nionean, astean hiru edo lau aldiz mendira joaten hasi nintzen. Mendi lasterketek eta bertikalek inbidia ematen zidaten, eta horiek prestatzen hasi nintzen buru-belarri.

Zer dela eta eman zenuen eskalada alde batera utzi eta korrikan hasteko jauzia?

Eskalatzeari utzi eta bospasei urtez Xoxotera, Kakutera, Erlora edo Erniora joan izan nintzen. Mendiari lotutako kirolen bat egin nahi nuela eta, iazko udazkenean ekin nien mendi lasterketei. Gaur egun, modan jarri den kirola da, eta ia asteburuero izaten da lasterketaren bat. Gogo handiarekin parte hartzen dut, eta horrez gain, leku eta jende berria ezagutzeko aukera ematen didate.

Non sentitzen zara erosoago, mendi lasterketetan edo krosetan?

Mendian askoz hobeto sentitzen naiz. Krosetan, eremu lauan zoazenez, erritmo konstantea mantendu behar duzu. Mendian, berriz, lehenik eta behin, aldapa bat igotzen duzu, gero pixka bat lasaitu egiten zara, eta, ondoren, beheraka zoaz; erritmo aldaketak daude. Bestalde, jende gutxiagok hartzen du parte, eta zeure erara joateko aukera izaten duzu. Antz gehiago daukate astebukaera batean egiten ditudan mendi bueltekin lasterketekin baino.

Aurtengo udaberrian, Larraul-Ernio-Larraul lasterketan parte hartu eta irabazi egin duzu. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Ederra. Ez nuen espero. Kobaz Koba lasterketan bigarren egin nuen, baina Larraulgo lasterketan, Nerea Amilibia nuen lehiakide. Biok goraka hasi, eta pixkanaka ikusi nuen aurrea hartzen ari nintzaiola. Puntara heldu, eta beheraka, hortzak estutuz, helmugara lehenen iristea lortu nuen. Niretzat ikaragarrizko lorpena izan zen Amilibiari irabaztea. Kontuan hartu beharra dago beste urteetan baino lasaiago dabilela, baina hala eta guztiz ere, oso polita izan zen lehenengo lasterketa irabaztea.

Zein da zure hurrengo erronka?

Lehenengo erronka orain gutxi egindako bihurritua osatzea da. Hori ondo sendatzen zaidanean, uztailaren 3an Zumaian izango den Flysch Trail maratoi erdian parte hartuko dut. Itsasoa eta mendia lotzen dituen lasterketa denez, esperientzia polita izango dela iruditzen zait.

Prestakuntza handia eskatzen al du horrelako lasterketak egiteak?

Egin nahi duzun lasterketaren araberakoa da. Ni bertikaletan hasi nintzen irteten motzagoak direlako, baina maratoiak egiteko prestakuntza handiagoa behar da. Esate baterako, aurreko urteko bertikalerako modu jakin batean prestatu nintzen; baina gero, 20 kilometroko luzera duen eta malda handiak dituen Izarraizko mendi lasterketarako gehiago prestatu nintzen, bi edo hiru orduko ibilbidea baita.

Prestatzaile fisikorik ba al duzu?

Nire anaia aritzen da lan horretan. Bi edo hiru liburu irakurtzeaz gain, adituen elkarrizketak eta erreportajeak irakurri ditu. Beraz, berak esaten dit gutxi gorabehera zer egin. Sentsazioen arabera ere jokatzen dugu. Hilabete batean zenbait ariketa fisiko egin eta nekatuegi banago, beste ariketa batzuekin probatzen dugu.

Zein izan da sekula egin duzun probarik gogorrena? Eta zein gogoangarriena? Eta zein etorkizunean egingo zenukeena?

Oraindik ez naiz lasterketa askotan irten, baina gogorrena egin zaidana Izarraizko mendi lasterketa izan da, desnibel handia duelako eta orain arte egin dudan luzeena delako. Hala eta guztiz ere, oso polita izan zen bertan irtetea, aurretik antolatzen jardun bainintzen. Gehien gustatu zaidana, berriz, Izarraizko bertikala izan da, nire helburuetako bat zelako proba hori egitea. Azkenik, etorkizunean ez dakit zein proba egingo nukeen. Askok esaten dute Zegama-Aizkorri probatu beharra dagoela, baina oraindik ez naiz jarri pentsatzen.

Korrika egitea momentuko afizio bezala ikusten duzu edo pixkana-pixkana lasterketen munduan aurrera egitea da zure helburua?

Afizio moduan ikusten dut. Asko gustatzen zait mendira joatea. Nigatik balitz, egunero joango nintzateke, baina gorputzak ez dit uzten. Oso zaila ikusten dut etorkizunean ere lasterketekin jarraitzea, maila handia baitago. Baina, beno, nik momentuz disfrutatzen jarraituko dut.

Emakumeen artean ere mendi lasterketetarako afizioa sortzen ari dela iruditzen al zaizu?

Baietz uste dut baina oraindik, mutilekin alderatuta, oso neska gutxi ikusten dira parte hartzen. Baina, adibidez, zenbait lasterketatan hasi dira parte hartzen duten emakumeei omenaldiak-eta egiten, eta horrek bultzatuta, animatu izan dira neskak. Neska guztiak animatuko nituzke probatzera.