Alde Zaharreko turismo bulegoa zabalik izango da abuztuaren 1etik aurrera

Uztarria.eus 2016ko uzt. 26a, 13:10
Agustin Lizarralde eta Estitxu Elduaien zinegotziak, Alde Zaharreko turismo bulegoaren aurrean.

Plaza Txikian zabalduko dute turismo bulegoa, eta helburua da turistak Loiolatik herrigunera gerturatzea, baita horiei ahalik eta arreta onena eskaintzea ere. 

Abuztuaren 1ean zabalduko du Udalak Alde Zaharreko turismo bulegoa, Plaza Txikian, Udaltzaingoaren ondoan. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, helburua da turistak Loiolatik herrigunera gerturatzea: "Udalaren azken urteetako erronka izan da turismoa indartzea, garrantzitsua baita gure herriaren ondare historikoa balioan jartzeko eta ekonomia sustatzeko. Orain helburua da turista eta bisitariak Loiolatik herrira gerturatzea". 

Horretarako "ahaleginak" egin dituztela azaldu du Elduaienek, Loiolako turismo bulegoa berritzea eta Azpeitia Experience marka sortzea, esaterako. "Geroz eta bisitari gehiago gerturatzen da Azpeitira eta horiei ahalik eta eskaintza onena eman behar diegu. Horretara dator Alde Zaharreko turismo bulegoa". Honako ordutegia izango du: Asteartetik zapatura: 10:30etik 13:30etara, eta 16:30etik 20:00etara. Igandean: 10:30etik 13:30etara. Astelehenetan, aldiz, itxita izango da. Harremanetarako turismobulegoa@azpeitia.eus helbidera edo 688874861 telefonora deitu behar da. 

Turismo bulego berriak "eskaintza integrala eta koordinatua" emango duela azaldu du Agustin Lizarralde zinegotziak. Informazioa eskaintzeaz gain, bisita gidatuak ere antolatuko dituzte, Azpeitiko Erdi Aroko eraikuntzak ezagutzeko eta Inaziotar guneak ezagutzeko. Abuztuaren 1ean, 3an, 7an eta 10ean egingo dituzte bisita gidatuak, eta aurrerago emango dute horien xehetasunen berri. 

Aurrez baina, beste egitasmo bat antolatu dute, uztailaren 30erako. Urte jubilarraren barruan azken eguna izango da uztailaren 30a, eta hori ospatzeko parrokia irekita egongo da. Bertan, Ignacio Arakistain organista azpeitiarrak Erdi Aroko doinuen kontertua eskainiko du, 11:00etatik 11:45era bitartean.