Giro ederra eta plaza jendez goraino baserritarren egunean

Uztarria.eus 2016ko uzt. 25a, 17:15

Festa giroak hartu du Azpeitiko plaza gaur, uztailak 25, Santo Eguna. 11:00etan eman diote hasiera baserritarren egunerako prestatuta zuten egitarauari, XVIII. Gazta Lehiaketarekin, eta Azpeitiko Napar Zuzterrak taldekoek Nafar banderari eguin dioten omenaldiarekin. Bertsoak abesteaz gain, hainbat dantza ere dantzatu dituzte Azpeitiko Napar Zuzterrak taldeko kidek, eta gogoan izan dituzte" gaur arte independentziaren alde borrokatu duten guztiak".

Udaletxeko kanpaiek 12:00ak jotzearekin batera hasi dira txekor eta hegaluze dastaketak, baita XLIV. Sagardo Lehiaketa ere, Laja aita-semeak, Lutxurdio eta Berastegi trikitilarien doinuak lagun. Ordu horretan egin dio harrera Udaleko ordezkariek udaletxean Hazparneko herritarrei, bi herrien arteko harremana eta senidetza indartzeko. Horrela, Azpeitiko eta Hazpareko hainbat talde eta eragileetako kideek elkar ezagutzeko parada izan dute, ondoren harreman indartzen joateko.

Zelai Luze inguruan, aldiz, Euskadi mailako XXI. blonda txapelketa izan da. Azpeitiko hiru ganadutegik hartu dute parte sariketan: Eizmendik, Agitek eta Gazteluk, eta hainbat sari irabazi dituzte kategoria ezberdinetan.

Plaza jendez goraino, 14:00ak aldera hasi dira sagardo eta gazta txapelketako sari banaketarekin. Aurten Hernaniko Altzueta sagardotegia izan da irabazlea, eta bigarren eta hirugarren gelditu dira Alorrenea eta Begiristain, hurrenez hurren. Sari herrikoia, aldiz, Lizeaga sagardotegiak eskuratu du. Gazta txapelketari dagokionez, Aizpea elkartea izan da txapelduna. 

Sariketak amaitutakoan, Azpeitia Tente taldeko hainbat kide igo dira oholtzara, "Zuen sagardoak ere ustelduko dira" zioen pankarta eskutan, errauskailuaren aurka. Horrek eragin ditzakeen kalteak azaldu dituzte, eta dei egin diete herritarrei uztailaren 28an Donostian izango den manifestazioan parte har dezaten.

Pilota ere protagonista

Pilota ere izan da protagonista gaurko festan. Goizean zehar XXXII. Cesar Valverderen oroimenezko pilota txapelketaren finalak jokatu dituzte Frontoi Txikian, Ilunpe Pilota Elkarteak antolatuta, eta herritar ugari bertaratu da partidak ikustera.

Hemen bakarkako eta binakako partidetako emaitzak:

Aurre-benjamin B kategorian :

Mikel Iturralde 16 - 9 Aratz Urrestilla.

Aurre-benjamin A kategorian:

Imanol Lazkano 16 - 3 Iker Urrestilla.

Benjamin B, kategorian:

Zigor Etxeberria eta Eriz Etxeberria 18 -  Pello Ziarsolo eta Ohian Sarasua 16. 

Benjamin A kategoria:

Xabat Azpiazu eta Iker Zabala 18 - 17 Iker Urrestilla eta Odei Labaka.

Alebinak:

Haritz Zubimendi eta Eneko Odriozola 18 - 9 Imanol Iturralde eta Unax Elosegi 

Infantilak: 

Auritz Arrizabalaga eta Aratz Buldain 18 - 17 Iker Egiguren eta Oier Alonso.