Txikienak eta handienak nahasian, Umeen Egunean

Uztarria.eus 2016ko uzt. 24a, 17:28

Gaur, uztailak 24, ari dira ospatzen Azpeitian aurtengo festetako Umeen Eguna. Egun hori festa egitaraurako berreskuratu zutenetik gertatu ohi denez, gaur herriko agintea hartu duten umeen korporazio txikia izan da eguneko aurreneko protagonista. Helduek egiten duen bezala, korporazioan joan dira parrokiara agintari gazteak. Han, umeen meza egin dute eta irteeran berriro korporazioan itzuli dira plazara, musika eskolako txistulariak eta trikitilariak eta Banda Gazta aurretik zituztela.

Eguerdian, berriz, erraldoiek hartu dituzte kaleak. Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko hainbat herritatik etorritako hamalau talde Alde Zaharrean kalejiran ibili dira aurrena, ondoren plazan elkartu eta urteroko dantza lehiaketa egin aurretik; aurten, Azpeitiko festa herrikoietako lau erraldoiek ere hartu dute parte festan. Erraldoi guztiak plazara iritsi direnean irakurri du Alazne Barandiaranek, korporazio txikiko alkateak, eguneko pregoia. Erraldoien dantzen aurretik, Luix Alberdi Beltza-ren eskolako dantzari txikiek egin dute beren saioa. Lehiaketan, berriz, banakako saria Iruñeko Alde Zaharreko konpartsarentzat izan da, eta taldekakoa Donostiako Irrintzik jaso du.

Erraldoien topaketa bukatuta, 200 haur eta gaztetxo Berdura plazan elkartu dira, beraientzat prestatutako bazkarirako.

Gauera bitartean, hau da Umeen Egunaren egitaraua osatzeko gelditzen diren hitzorduak:

  • 16:00. XXXVI. Ignazio Deuna Saria, Lagun Onak TEk antolatuta. Irteera: Perez Arregi plaza. Kategoria: kadeteak.
  • 17:00. Kalejira Alde Zaharreko kaleetan zehar.
  • 19:00. Antzerki emanaldia ingelesez, 3 urtetik 8 urte bitarteko haurrentzat, Sanagustinpean.
  • 23:00. Funkdamental eta Marmok taldeen emanaldia, plaza Nagusian.

Bihar, Baserritarren Eguna

Bihar, astelehena eta Santio eguna, bukatuko da festa asteburu luzea Azpeitian, hurrengo asteburuarekin iritsiko diren saninazioen zain. Hona hemen, biharko Baserritarren Eguneko egitaraua:

  • 10:30. Goiz eresia, Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz Txistulari Taldearen eskutik.
  • XXXII. Cesar Valverderen oroimenezko pilota txapelketaren finalak, Frontoi Txikian. Kategoriak: pre-benjamin B, pre-benjamin A, benjamin B, benjamin A, alebin eta infantilak. Antolatzailea: Ilunpe Pilota Elkartea.
  • 11:00. Euskadi mailako Blonda Txapelketa.
    XVIII. Gazta Lehiaketa. Idiazabal jatorri deituraren barne dauden artzain gaztek parte hartu ahal izango dute.
    Hazparnekoei harrera eta ongietorria. Baserritar Egunean ekintza ezberdinetan parte hartuko dute egunean zehar.
  • 11:30. Nafarroako banderari omenaldia. Perez Arregi plazatik plaza Nagusira kalejira eta, ondoren, ohorezko dantza. Antolatzailea: Azpeitiko Napar Zuzterrak.
  • 12:00. XLIV. Sagardo Lehiaketa, plaza Nagusian.
    Sagardo festa honetan, sagardoarekin batera, bezperan prestatzen hasitako txekor errea eta parrillan erretako hegaluzea dastatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen diren herritar guztiek. Bildutako dirua hirugarren mundura zuzenduko da.
    Aldi berean, Laja aita-semeak, Lutxurdiyo eta Berastegi trikitilariek beren doinu eta kantuez alaituko gaituzte.
  • 18:00. Kantu poteoa, San Martin egoitzatik hasita.
  • 18:30. Errekortariak, zezen-plazan.
  • 19:30-22:30. Jainekin txaranga, kaleetan zehar.