Inauguratu dute Xaguxatar parkea

Uztarria.eus 2016ko uzt. 22a, 14:15
Udaleko eta Jaurlaritzako ordezkariak inaugurazioan.

Inaugurazio ekitaldian izan dira parkea eraberritzeaz arduratu diren Eusko Jaurlaritzako eta Azpeitiko Udaleko kideak; baita parkeko lanak egin dituzten enpresa taldeak ere. 

Joan den apirilean zabaldu bazen ere, gaur inauguratu dute Ingurugiro Etxearen ondoko Xaguxatar parkea. Azpeitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean eraberritu dute gunea, eta bertan izan dira bi erakundeetako ordezkariak: Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburua, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Aitor Bereziartua udaleko EH Bilduko zinegotzia eta Aitor Gorrotxategi eta Xanti Gurrutxaga EAJko zinegotziak. Inaugurazio ekitaldian izan dira baita ere parkeko lanak egiteaz arduratu diren Iñigo Segurolaren Lur Paisajistak taldea eta Kimu Bat enpresako kideak. Xaguxatar parkearen ondoan dagoen Inguruguro Etxea bisitatu dute lehendabizi, eta parke berriaz jardun dute gero. 

Izarraitz Kontserbazio Bereziko Eremua izendatu zuten 2013an, eta hori du parkeak gai nagusitzat. Hala, eremu horretan babestuta dauden espazioak eta espezie-aniztasuna ezagutaraztea du helburutzat parkeak; horien artean, saguzarra. Ana Oregi sailburuak azaldu duenez, "saguzarren inguruko mito askorekin bukatu" eta espezie horren "alderik dibertigarriena" azpimarratuko du parkeak.

Gainera, parkearen atalak Izarraitz inguruan aurkitu daitezkeen material naturalekin eginak dira: kareharria, egurra, soka, eta landaredia, besteak beste. Inguru horretako zuhaitzen babesa sustatzeaz gain, haginak, sagarrondoak, urkiak eta zuhaixkak ere landatu dituzte, intsektuak eta espezie ugari erakartzeko asmoz. Eneko Etxeberria alkatearen ustez, Azpeitiak "interes handiko natura espazioak" ditu, eta parkearen bidez horiek "euskaldun guztien esku" jarriko dira.