Datozenek, doazenentzat

Gipuzkoako Hitza 2016ko uzt. 22a, 14:23
Gurutze Eizagirre, Itsasne Zabaleta eta Jon Etxaniz. (Julene Frantzesena)

Neubidaiari.eus ataria jarri dute martxan, bidaiariek munduko hainbat txokotan izandako esperientzien berri emateko elkarri. Euskarazko 'post'-ak soilik argitaratuko dituzte.

Herritarrek mundu zabaleko edozein tokitara egindako bidaien azalpenak jasotzeko eta bizipenak gainerako herritarrekin partekatzeko, www.neubidaiari.eus ataria sortu dute hiru azpeitiarrek. Bidaia batetik datozenek bidaia batera doazenei azalpenak emateko txokoa izateko sortu dute ataria.

Jon Etxaniz (Azpeitia, 1990), Gurutze Eizagirre (Azpeitia, 1979) eta Itsasne Zabaleta (Azpeitia, 1991) dira proiektuaren sustatzaileak, baina webgunea "bidaiatzea atsegin dutenen komunitate" bilakatzea nahi dute. Hala dio Eizagirrek: "Edozein herritar animatzea nahi dugu bidaietan bizitako esperientziak kontatzera. Denoi gustatzen zaigu besteek munduko edozein tokitan bizi izandakoen berri edukitzea: nora joan den, zer toki bisitatu dituen, non egin dituen otorduak, zer museo bisitatu duen… Esperientzia onak nahiz txarrak bildu nahi ditugu webgunean, jendeak bidaiatuko duen tokiaren inguruko gomendioak izan ditzan".

Azpeitiarraren arabera, bidaiari asko dago herrian: "Uste baino pertsona gehiagok egiten dituzte bidaia handiak urruneko herrialdeetara. Eta jende horrek irakurtzen ditu blogariek-eta idatzitako gomendioak eta ekarpenak bidaia hasterako. Irteteko ohitura duenak aurrez begiratzen du nora doan, eta askok idatzi egiten dute bueltan, hurrengoan doanari azalpenak emateko".

Hainbat herritarrek gomendioak ere egin dizkiete jada, webgunea hobetzeko eta dinamikoagoa egiteko: "Batzuek esan digute azpeitiarren hamar toki gustukoenen rankingak-eta egiteko, halakoak gustura irakurtzen direlako. Bueltak eman beharko dizkiogu kontu horri ere".

Erreportajea osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.