Euskal Herriko Herriartekoaren hirugarren txapelaren bila joango dira azpeitiarrak Zarautzera

Uztarria.eus 2016ko uzt. 21a, 12:01
Ilunpeko pilotariak, atzoko aurkezpenean.

Zapatuan, uztailaren 23an, jokatuko dute Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketako finala Azpeitiak eta Doneztebek. 10:30ean hasiko da partida, eta biek ala biek hirugarren titulua dute xede. 

Zita garrantzitsua du Azpeitiak zapatuan, hilak 23, Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala, hain zuzen. Doneztebe (Nafarroa) izango dute parez pare Ilunpeko pilotariek, eta finala "zaila" izango dela uste badute ere, "gogotsu" daude azpeitiarrak. 10:30ean hasiko dira partidak Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Atzo, asteazkena, piloten aukeraketaren ondoren egin zuten txapelketako finalaren aurkezpena, Zarautzen. 

Bai Azpeitiak eta bai Doneztebek Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala jokatzen duten hirugarren aldia izango da zapatukoa, eta bi taldeak txapelaren bila doaz. Iaz Azpeitiak irabazi zuen txapelketa, Uharteren aurka 2-1 nagusitu ostean. Ez zen azpeitiarrek titulua lortzen zuten aurreneko aldia ordea; izan ere, 2008an ere Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako txapela etxera ekarri zuten Ilunpeko pilotariek, Uharte mendean hartu ostean. 

Sarrerak eta autobusa

Gaur, osteguna, eta bihar jarriko dituzte sarrerak salgai Frontoi Txikiko bulegoan, 18:00etatik 20:00etara. 10 euro ordaindu beharko dira sarrerak. Bestalde, finalera joateko autobuserako izena emateko aukera ere izango da, doan. Autubusa 09:00etan abiatuko da anbulatorio aurretik.

Aritzbataldeko txarteldegian ere salgai jarriko dituzte sarrerak zapatuan, 09:30etik aurrera.