Sorkuntza bekaren aurka helegitea jarri du Urkijok, euskarazko lanak bultzatzeagatik

Uztarria.eus 2016ko uzt. 21a, 15:11
Udal ordezkariak, Kultur Mahaiko ordezkariak eta proiektuen sortzaileak, atzoko agerraldian.

Udalak aurrera jarraituko du Sorkuntza bekarekin, eta diru laguntzak bermatuko dizkie sortzaileei. Urkijoren erabakia salatu dute Kultur Mahaiak, Udalak eta kultur-proiektuen egileek.

Karlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, helegitea jarri du Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak martxan jarritako Sorkuntza Bekaren kontra. Hizkuntza irizpideak aintzat hartuta jarri du helegitea Urkijok. Hala ere, bekarekin aurrera egitea erabaki dute Udalak eta Kultur Mahaiak, eta Sorkuntza beka jaso dutenek beren proiektuak egiten jarraituko dute, helegitea jartzeaz aparte kautelazko neurririk ez dutelako eskatu. Hala, diru-laguntzak bermatuko dizkiete beka jaso duten bost proiektuen sortzaileei, euren lanak aurrera ateratzeko.

Atzo, asteazkena, Urkijoren erabakia salatzeko agerraldia egin zuten Udal ordezkariek, Kultur Mahaiko kideek eta proiektuen sortzaileek. "Hizkuntza erabili du Espainiako delegatuak euskal kulturaren aurka egiteko. Udalak euskarazko kultur sorkuntza soilik bultzatzea debekatuta du. Gure apustua euskal sorkuntza bultzatzea izan da, herria aberasteko, hizkuntza aberasteko eta kultura aberasteko", adierazi zuen Josu Labaka zinegotziak. 

Bekaren "oinarria eta funtsa" euskal kultura eta euskal sortzaile berriei beren proiektuak garatzeko baliabideak eskaintzea izan dela azpimarratu zuen Labakak: "Euskal kultura eta euskarazko sorkuntza sustatzea izan da xedea. Bai, Azpeitian, Euskal Herriko herririk euskaldunetarikoan, nagusiki euskalduna den herrian". 

Maite Maiz Kultur Mahaiko lehendakariak "babesa erakutsi" zion udalari eta sortzaileei. Horrez gain, Kultur Mahaiaren ibilbidea euskal kultura sustatzeko konpromisorik gabe "ulertu ezin" dela adierazi zuen Maizek: "Gure oinarri nagusienetarikoa da hizkuntza, kulturarekin batera. Euskararik gabe Azpeitiko kultur miugimendua ezin dugu ulertu". 

"Proiektuei ostikada"

Sorkuntza beka jaso duten bost proiektuetako kideek ere "irmoki salatu" dute Karlos Urkijok bekari helegitea jarri izana, eta sortzaileentzat "ostikada handia" izan dela adierazi zuen Asier Aizpuruk, beka jaso duen kideetako batek. "Beka jaso genuen guztion hautu pertsonal irmoa da gure sorkuntza, gure hizkuntza naturalean, eguneroko hizkuntzan egitea: euskaraz sortzea. Gure konpromiso pertsonala da euskal kulturari dakigunetik gure aletxoa jartzea", azaldu zuen Aizpuruk. 

Proiektuekin aurrera egiteko asmoa azaldu zuten sortzaileek: "Egitekoak ginen proiektuak egingo ditugu, euskaraz. Hori baita eraso honi eman diezaiokegun erantzunik onena". 

Urkijoren lupa

Joan den martxoan aurkeztu zituzten Sorkuntza beka emateko oinarriak Udalak eta Kultur Mahaiak. Herriko sortzaile gazteei edota euskaraz kultur proiektuak garatzeko baliabideak falta zituztenei laguntzea zen bekaren helburua. Deialdia egin eta aste gutxira jaso zuten, baina, Urkijoren lehen agindua: Sorkuntza bekaren aginduak bidaltzeko.

"Oinarriak argitaratu bezain pronto, informazioa helarazteko eskatu zigun Urkijok. Orain, hizkuntza irizpideak aitzakia hartuta, helegitea jarri du deialdiaren kontra", adierazi zuen Ainara Larrañaga zinegotziak. "Urkijok, luparekin begiratzen du aspaldian Azpeitian egiten duguna. Ez da lehen helegitea, espero dugu azkena izatea", gaineratu zuen Larrañagak. 

Aurreko agintalditik dator Espainiako Gobernuaren ordezkariak Azpeitiko Udalari jarritako helegiteen soka. Espainiako bandera udaletxean jartzeko, presoen senideei emandako laguntzengatik, Olatz Izagirre babesteko mozioagatik, Kataluniako estelada balkoian jartzeagatik, aktak euskaraz bidaltzeagatik, Udalbiltza diruz laguntzeagatik, euskara sustatzeko emandako laguntzengatik... helegiteak jarri dizkio Azpeitiko Udalari Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.