Haiek oroitzeko, berriro Loiolan

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 21a, 11:22

80 urte dira Eusko Gudarostea batailoia Loiolan sortu zutela, tropa faxisten erresistentzia gisa. Azpeitiko Udalak eta Aranzadik gudari haiek eta ondorengoak omenduko dituzte bihar.

Loiolan izan zen, beste behin, gogoratzeko data hura. Duela 80 urte, 1936ko abuztuaren 5 eta 8 artean, Eusko Gudarostea eratu zuten Azpeitian, Kandido Saseta komandantearen agindupean. Espainiako Gerra Zibila zela-eta, altxamendu faxistaren aurkako erresistentzia gisa eratu zuten honako talde abertzaleek: EAJk, EAE-ANVk, Jagi-jagik, ELA-STVk eta Euskal Nekazarien Batzarrak. 1.279 gizon ziren gudarosteko kide; gehienak, gazte zibilak, prestaketa militarrik gabeak, eta Urola Kostakoak, Tolosaldeakoak zein Deba bailarakoak.

Espainiako tropen aurrean armak hartu zituen Eusko Gudarosteak, eta Gipuzkoako hainbat gunetan tropa frankistak garaitu zituen. Irailaren 20an gelditu zituzten frankistek Intxortan. Garai hartan ez zegoen euskal autolakunderik; ondoren, urrian, lehendakari kargua hartu zuen Jose Antonio Agirrek, eta Eusko Jaurlaritza eratu zuten.

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak omenaldia egingo diete bihar eusko gudariei eta haien senideei. 19:15ean izango da ekitaldia, Loiolako Arrupe hotelean. Besteak beste, honako gudariak hil ziren, eta ekitaldian haien senideak omenduko dituzte: Azkoitiko Joxe Joakin Egaña (EAJ), Mikel Alberdi (Jagi-jagi), Floren Zubiaur (ELA-STV) eta Joxe Arana (EAE-ANV).

Ez da ekitaldiarekin bukatzen, ordea, Eusko Gudarostearen inguruko lanketa. 

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.