Gutuna: Imanol Elias

Itziar Oiartzabal 2016ko uzt. 20a, 16:42

Imanol Eliasen funts bibliografikoa Udal Liburutegian eta herritarren eskura uzteko ekitaldiarako haren alargun Itziar Oiartzabalek prestatutako gutuna da hau.

Gaurko eguna paregabea izango duzu, Imanol, zure horrenbeste urtetako lanek txoko bat dutela ikustean. Azpeitia eta euskara maite-maiteak zenituen, eta bien inguruan ardaztu zenituen zure liburu, antzerki-lan, artikulu, olerki eta lan ugari. Hainbat eta hainbat hitzaldi, erakusketa, ikastaro eta lehiaketa ere antolatu zenuen Azpeitiarentzat eta azpeitiarrentzat. Herriari eskaini zenizkion zure lanak, eta herriak hemen bildu ditu, liburutegi honetan, nahi duenak ikus ditzan, eta nik bihotzez eskerrak eman nahi dizkiot Udalari, Eneko Etxeberria buru dela. Mila esker, Eneko.

Horrez gain, esan behar dut lan asko duzula hemen daudenetatik aparte. Esate baterako, hainbat azpeitiarrek idatzi dituztenekin ere baduzu zerikusia. Ia 60 urte eman ditugu elkarrekin, eta egunik gehienetan patrikan arkatza eta papertxoren bat izan ohi zenituen. Esaten zenidan antzerkiari edo olerkiei buruzko inspirazioa etortzean, ahaztu baino lehen jasotzeko zela.

Askotan esaten zenidan, adibidez, Oñati hurbilago egon izan balitz (gidatzea ez baitzitzaizun gustatzen), hango Agiritegian gustura ibiliko zinatekeela, ordurik gabe eta egunik kontatu gabe; gozamena izango zela hori zuretzat. Izan ere, askotan joan zinen bertara, hainbat zereginetarako. Esate baterako, Azkoitiko 'Forjas' lantegia handik etorritakoa zen, eta lantegiaren historia eta jatorria jakin nahi zutenez, han ibili zinen zu, buru-belarri. Lanen arabera joaten zinen hara. Gogoan dut nola esan zizun Artxiboaren arduradunak, "artxiboko arkakusoa" zinela. Haiek bezala jarraitzen zenuela lanean, zaratarik gabe, isiltasunez... gustura. Horrelakoxea zinen, eta mila esker horrelakoxea izateagatik, Imanol.

Baina, gero, eguna amaitzean, logelara joaten zinenean, begira zer gauza desberdin irakurtzen zenituen; Mortadelo eta Filemon, esate baterako. Horrekin ahazten zitzaizkizun egunean zehar izandako kezkak eta buruhausteak, eta horiez gogoratuz, irribarrez, lo hartzen zenuela esaten zenidan. Ba al da hori baino gauza ederragorik? Egunez historialari, antzerkilari, olerkari... eta gauean, apaltasunean, komiki horien txanta eta txorakeriekin irribarrez bukatu. Denok horrela, irribarrez, bukatuko bagenu eguna, gauza ederra izango litzateke hori, mundu aldrebes honetan.

Besterik ez, Imanol, musu handi-handi bat, bihotzez. Asierrek eta nik bihotzean eta gogoan zaitugu.