Pasaiako segadaren auzia artxibatzearen aurka kontzentrazioa egin dute Donostian

Uztarria.eus 2016ko uzt. 20a, 16:56

Gaur, uztailak 20, Pasaiako segadaren auzia ez artxibatzea eta gertatutakoa argitzea eskatzeko, kontzentrazioa egin dute Donostian. Pasaiako segadan hildakoen senideak, lagunak eta dozenaka norbanakok egin dute elkarretaratzea Pasaiako sarraskia argitu lelopean, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren aurrean. Izan ere, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioak duela aste batzuk atzera bota zuen Pasaiako segadaren auzia ez artxibatzea eskatzeko Azpeitiko Udalak eta segadan hildakoen senideek jarritako helegitea.

1984ko martxoaren 22ko goizaldean izan zen Pasaiako segada. Espainiako Poliziak operazioa egin zuen Komando Autonomo Antikapitalistetako talde baten kontra. Pedro Mari Isart Pelitxo, Dionisio Aizpuru Kurro, Rafael Delas eta Jose Mari Izura hil zituzten poliziek.

(Argazkia: Yuri Agirre).