Udalak herritarren eskura jarri ditu Imanol Eliasen eta Jon Bilbaoren funts bibliografikoak

Uztarria.eus 2016ko uzt. 20a, 12:10

Guztira 7.000 liburu inguru jaso dituzte Udal Liburutegian, eta edonoren eskura izango dira aurrerantzean. Liburuak "denbora makinak" direla esan zuten, eta horien balio kuantitatiboaz harago, liburuen balio kualitatiboa nabarmendu zuten.

Imanol Eliasen eta Jon Bilbaoren funts bibliografikoak Udal Liburutegian jaso ditu Azpeitiko Udalak, eta edonoren eskura izango dira aurrerantzean. Guztira 7.000 liburu inguru bildu dituzte bi liburutegietan banatuta. Atzo, asteartea, egin zuten funtsen aurkezpena Udal Liburutegian. 

Imanol Eliasen funts bibliografikoan historialari azpeitiarrak urteetan zehar idatzi eta bildu zituen 2.000 inguru liburu eta dokumentu jaso dituzte. Horiek Udalaren eskutan jarri zituen Imanol Elias zenaren alargun Itziar Oiarzabalek iaz. Eneko Etxeberria alkateak eskerrak eman zizkion Oiarzabali dokumentuak herritarren eskura uzteagatik: "Gure herriaren alde egin zuen lan Imanol Eliasek arlo ezberdinetan, izan antzerkian, izan artikuluak edo liburuak idazten. Bere lan guztia idatziz utzi zuen, eta ondorioz etorkizunerako jasota utzi zuen. Eskerrak ematea besterik ez dugu, baita Itziar Oiarzabali ere, dokumentu guztiak Udalaren esku uzteagatik". Itziar Oiarzabal Imanol Eliasen alargunak idatzitako gutuna irakurri zuen Josu Labakak, eta gogoan izan zuten historialari azpeitiarra.

Jon Bilbaoren funtsean, aldiz, hark eusko ikasketen inguruan idatzi eta jasotako 5.000 inguru dokumentu gorde dituzte. "Jon Bilbaok bizitza osoa eman zuen euskal herritarren inguruan dokumentatzen eta idazten, baita irakasten ere", azaldu zuen Eneko Etxeberriak. Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen eta Koldo Sansebastian kazetariaren bidez iritsi da funtsa Azpeitiko Udalaren eskutara, eta hark egindako "lan isila" ere azpimarratu zuen Azpeitiko alkateak. "Balore handiko funtsa" dela nabarmendu du Etxeberriak eta "liburuak baino gehiago kultura eta denboraren makinak" direla azpimarratu zuen. Juan Bautista Mendizabal Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko kideak liburuen balio kuantitatiboa baino kualitatiboa nabarmendu zuen: "Ez dira liburu soilak, beste inon ez dauden monografiak dira, izugarrizko balioa dutenak".