30 gidarik hartuko dute parte zapatuko karting erakustaldian

Uztarria.eus 2016ko uzt. 19a, 19:08
Iazko erakustaldiko une bat.

Entrenamendu saioak 14:30ean hasiko dira eta, hortik aurrera, 19:00ak arte egingo dira lasterketak, hiru kategoriatan: kadeteak, X30 eta KZ2. Perez Arregitik abiatuta, Julian Elorza hiribidea, Urola kalea eta Damaso Azkue inguruko errepideak hartuko ditu zirkuituak. Kale horietan trafikoa moztuta izango da 13:00etatik 19:30era.

Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) antolatuta zapatuan, uztailak 23, izango da aurtengo Azpeitiko karting erakustaldia. Kadeteak (6 eta 12 urte artekoak), X30 automatikoak eta KZ2 dira aurten lehian izango diren hiru kategoriak. Hirurak batuta, 30 bat gidarik hartuko dute parte erakustaldian; horietatik zortzi dira azpeitiarrak. Iaz ez bezala, aurten ez da mini-moto eta supermotardik izango, lehiaketako beste froga bat dutelako asteburuan.

10:30-11:00 aldera hasiko dira iristen parte-hartzaileak beraien kartekin Perez Arregi plazara. Entrenamendu saioak 14:30ean hasiko dira eta, hortik aurrera, 19:00ak arte egingo dira lasterketak. Lasterketa bat bukatu eta bestea hasi bitarteko itxaronaldietan ere ez da ikuskizunik faltako; tarte horietan, bi kart-kross eta Iñaki Alberdi, bere Ford MK-rekin, ibiliko dira zirkuituan, zaleen gozamenerako.

Iñaki Areizaga AZTEko kideak azaldu duenez, zapatu goizean goiz hasiko dira antolatzaileak zirkuitua prestatzen. Perez Arregitik abiatuta, Julian Elorza hiribidea, Urola kalea eta Damaso Azkue inguruko errepideak hartuko ditu zirkuituak. Kale horietan trafikoa moztuta izango da 13:00etatik 19:30era. Bariantetik Damasorako sarrera ere moztuta egongo da. "Madalena eta Soreasu arteko errepidea erabili ahal izango dute ibilgailuek, eta Zelai Luzetik bariantera irteteko Corrugadoseko irteera ere bai", azaldu du Areizagak. Autobus geltokiak ere bariantera aldatuko dituzte, festetan-eta ohikoa den tokira, Enparangainera.

"Eguraldiak laguntzea" eta segurtasuna dira, ohi bezala, antolatzaileen bi kezka nagusiak, bigarrena batik bat. Horrela, ikusleei zirkuitua mugatzeko eta jendea babesteko jarriko diren elementuak errespetatzea eskatzen diete, "barandilla eta zinten atzetik ibiltzeko, beti. Eta, bidea gurutzatu behar badute, manga arteko tarteetan egin dezatela, eta bidegurutzeak zaintzen egongo direnei kaso eginda".