EAJk "dinamismo handiagoa" eskatu dio udal gobernuari agintaldiko lehen urtearen balantzean

Uztarria.eus 2016ko uzt. 19a, 15:51

"EH Bilduko gaur eguneko taldearen lana, sei zinegotzi liberatuta dituztela, ez da proiektu konkretuetan gauzatzen ari", Aitor Gorrotxategi jeltzaleen bozeramailearen iritziz; hondakinen bilketa sistema berria "2017ko hasierara arte atzeratu" izana jarri du horren adibidetzat. Urtebetean, oposiziotik "errespetuaren eta elkarbizitzaren baloreetan oinarrituta, Azpeitia kohesionatuago bat lortzeko lan egin" dutela diote EAJkoek.

Egungo udal agintaldiaren lehen urtebetearen balantzea egin du Azpeitiko EAJren udal taldeak. Oposiziotik, "errespetuaren eta elkarbizitzaren baloreetan oinarrituta, Azpeitia kohesionatuago bat lortzeko lan egin" dutela diote EAJkoek. EH Bilduren udal gobernuari, aldiz, "dinamismo handiagoa" eskatu diote.

Agintaldiaren "lehenengo unetik" agertu zuten jeltzaleek "gobernu taldearekin elkarlanean aritzeko borondatea", Aitor Gorrotxategi bozeramaileak adierazi duenez. "Hamabi hilabete hauetan azaldu dugu lankidetza hori, bai udal mailan, bai mankomunitate mailan egin ditugun ekarpen desberdinetan, eta udal sartu berriaren lehenengo aurrekontuaren aurkako jarrerarik ez aurkezteari buruz hartu genuen erabakiarekin", esan du.

Bere taldeak "ekonomiaren sustapenerako ekimenei eman dien bultzada" nabarmendu du Gorrotxategik. Horri lotuta, arlo horretan udal gobernuak egindako lanari kritika egin dio: "Ez da gauza izan plan estrategiko bat perfilatzeko epe ertain eta luzera begira; eta eragile eta instituzioekin ere ez du akordiorik lortu, inbertsio berriak erakartzeko". EAJren udal taldearen bozeramaileak "dinamismo handiagoa" eskatu dio EH Bilduren gobernu taldeari. "EH Bilduko gaur eguneko taldearen lana, sei zinegotzi liberatuta dituztela, ez da proiektu konkretuetan gauzatzen ari”, dio Gorrotxategik, eta horren adibide moduan jarri du hondakinen bilketarako sistema berria "2017ko hasierara arte atzeratu" izana, “2013an aho batez hartu genuen konpromiso bat denean”. Hondakinen bilketarekin jarraituz, asteburuetako bilketari azken hiru urteetan "irtenbide bat emateko gauza ez" dela izan egotzi dio EH Bilduri, "guk behin eta berriro eskatu arren, inolako akordiotan aurreikusita ez dauden eta gainera erabat hutsik dauden bilketa-puntu moduko batzuk eraikiz".

Funtzionamendurako "arautegi argi eta garbia"

Udal ordezkarien lana arautu beharraz ere mintzo da EAJren udal taldea agintaldiko lehen urtearen balantzean. Horrela, "funtzionamendu eraginkorreko sistema bat" antolatzea eskatu du Aitor Gorrotxategik: "Herriko lehenengo erakundearen funtzionamenduak arautegi argi eta garbia izan behar du, eta ezin da egon arlo bakoitzaren ardura duen zinegotziari gaien poltsak gainezka egiten dion arte, dagozkion bilerak egiteko; gainera, sarritan ia egun batetik bestera deituak izaten diren bilerak". Gabezia horren ondorioen adibidetzat jarri du "Ludoteka edo Zapo Txoko moduko zerbitzuak luzatu behar" izatea, "une hauetan gazteenei begirako zerbitzuetan azpeitiarrek zer eskatzen diguten jakiteko analisirik ere egin gabe aurretik".

Balantzea osatzeko, "Soreasuren aldeko apustua egitearen beharra" ere aipatu du Gorrotxategik, "Azpeitia udalerri dinamiko bat bihurtzen duten talde desberdinentzako gunea eta erreferentziazko kultur-zentroa izan dadin". Aurrekontuetan eskatu zuten kiroletarako tresneriarekin hornitutako parkea ere ekarri du gogora EAJk, festak "eslogan partidista eta baztertzaileekin politizatu gabe" ospatzeko jarrerarekin batera.