Pasaiako sarraskia, bukaerarik gabeko sufrimendua

Pasaiako segadan hildakoen senideak 2016ko uzt. 18a, 15:14

1984. urteko martxoaren 22an hasi zen gure sufrimendua. Gau madarikatu hartan, Espainar Poliziak ondo prestaturiko segada bat egin zuen gure lau senideen aurka. Ehundaka omen ziren armaz leporaino beteta mendeku bila bertaratu ziren "izenik gabeko" funtzionarioak. Gaueko iluntasunaz baliatu ziren beren ekintza odoltsu eta basati hura gauzatzeko.

egadaren ondorioz, Pedro Mari Isart eta Jose Mari Izura erail zituzten, 28na bala zulo sartu zizkieten bere gorputzetan. Hala ere, ez zuten beren odol egarria asetu, eta segidan Dioni Aizpuru eta Rafael Delas identifikatu eta "atxilotu" ondoren, bertatik bertara fusilatu zituzten. Kasu hartan 36 eta 21 bala zulo jaso zituzten. Guztira 113 bala zulo lau gorputzetan.

Ikaragarria, sineztezina, baina tamalez, errealitate gordina.

Hau guztia horrela gertatu zela baieztatzeko, batetik Rosa Jimeno eta Joseba Merinoren zuzeneko testigantzak daude, eta bestetik, Pako Etxeberriak egindako autopsiaren txostena.

Lau sendien sufrimendua hasia zen.Polloeko hilerrian gorputzen errekonozimendua egiterakoan, Poliziak lau familiekin eduki zuen portaerak ez dauka justifikaziorik. Mespretxatu, iraindu eta barre egiten ziguten. Oso tratu krudela izan zen. Une haiek, bizitza guztirako markatu gaituzte.

Geroztik, sufrikario honek ez du etenik izan. Ez da inoiz auzia argitzeko borondaterik izan. Eskatu ditugun froga gehienak atzera bota dizkigute. Ikerketzeko borondate eza nabaria izan da eta da.

Bestalde, urteetan zehar auzia salatzeko egin ditugun ekimenetan, debekuak, atxiloketak eta egurra besterik ez dugu jaso. Horren adibide 25. urteurrenean, Pasaiako Sarraskia Argitu lelopean ekitaldi xume bat egiteko asmoz ginela, berriro ere Pasaiako Badia poliziaz bete zuten. Ertzaintzak lurrez, airez eta itsasoz hartu zuen herria, eta ekitaldia galarazi ziguten. Kaleetatik atera nahi gintuzten, gure protestak ixilaraziz.

Gure barne zauriak, berriz, gero eta sakonagoak.

Hogeita hamabi urte pasa berri diren honetan, ekainaren 22an, jakin dugu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak auzia betirako artxibatzeko erabakia haratu duela.

Dauden testigantzekin nola da posible fusilaketa haiek zigorrik gabe geratzea? Hau al da Demokrazia baten Justiziaren adibidea? Egia jakiteko eskubiderik ez al daukagu ?

Gaur egun politikariak biktimataz, sufrimendutaz eta aitortzaz asko hitzegiten dute, baina gu behintzat guztiz baztertuta gauzkate.

Urtarrilean, Eusko Jaurlaritzako Biktima Sailari Pasaiako auziaz hitz egiteko bilera bat eskatu genion. Zazpi hilabete beranduago oraindik ez dira gurekin elkartzeko gai izan. Benetan lotsagarria, hau al da Biktimekin daukaten sentsibilitatea?

Gure sufrimendua gero eta handiagoa da, oso minduta gaude, baina ziur egon zaitezte gure lau senideekin egin zuten bidegabekeri hura inpunitatean gelditu ez dadin, duintasunez lanean jarraituko dugula. Ez dugu etsiko.