Itsasiren 'Bagare' ikuskizunak amaiera eman dio aurtengo Azpeitia Dantzan egitasmoari

Uztarria.eus 2016ko uzt. 18a, 12:52

Joan den zapatuan, uztailaren 16an, Bagare dantza ikuskizuna eskaini zuen Itsasi Euskal Kultur Taldeak Soreasu antzokian, eta jende andana hurbildu zen Soreasura emanaldiaz gozatzera. Arabako dantza tradizionalak izan ziren ikuskizunaren oinarria, baina horiez gain Itsasikoek eurek sortutako hainbat dantza ere eskaini zituzten. Musikari eta dantzari, 25 taldekide inguru igo ziren oholtzara, hilabeteetan zehar prestatutako lanak erakustera.

Bagarerekin amaiera eman diote Azpeitia Dantzan egitasmoari. Joan den uztailaren 2an hasi zen Azpeitia Dantzan zikloa, eta orduztik asteburuero dantza emanaldiak izan dira ikusgai. Sahatsa dantza taldearen emanaldiak, Dikothomia Cia taldearen Spazi...O ikuskizunak, aretoko dantzen emanaldiak eta Itsasiren Bagare ikuskizunak osatu dute aurtengo Azpeitia Dantzan.